Udalak ‘Familian Jolasean’ ekimenaren edizio berri bat jarriko du martxan domekan, urtarrilak 16

2022/01/10
Card image cap
Martxoaren 27ra bitartean, domekero, 11 saio egingo dira. Hitzordua Okendoko ludotekan izango da. Izena eman daiteke ludoteketan nahiz jardueran bertan.

Udaleko Gazteria sailak ‘Familian Jolasean’ ekimenaren edizio berri bat jarriko du martxan domeka honetan, urtarrilak 16. Ekimenaren helburuetako bat da familiei aukera eta guneak eskaintzea gurasoen eta seme-alaben arteko harremanez era ludikoan gozatzeko.

Aukera bat da 0-8 urte arteko haurren familiek elkar ezagutzeko eta euskaraz elkarrekin jolasteko, aniztasuna kontuan hartuta eta euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratuta. Asmoa da neguko domeketan, espazioa, denbora eta hitzordua eskaintzea familiei elkarrekin partekatzeko jolasa eta kalitatezko aisialdi hezitzailea. Hezitzaile biren laguntza egongo da, familiek behar duten informazioa eta aholkuak emateko.

Hitzordua domekero izango da, urtarrilaren 16an hasi eta martxoaren 27ra bitartean, 11 saio guztira (urtarrilaren 16an, 23an, 30ean, otsailaren 6a, 13an, 20an, 27an, eta martxoaren 6an, 13an, 20an, 27an). Okendoko ludotekan izango da. Izena eman daiteke, bai ludoteketan, bai jardueran bertan. Plazak mugatuak dira.