‘Gure ahotsak, gure indarra. Nik sinisten dizut!’ Irakurraldi Kolektibo Feminista eguen honetan, abenduak 15, Kulturaten

2022/12/12
Antolatu du Arrasateko emakume feministez osaturiko talde eragile batek, Emakume Txokoarekin batera.

Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren baitan, abenduaren 15ean, ‘Gure ahotsak, gure indarra. Nik sinisten dizut!’ Irakurraldi Kolektibo Feminista antolatu du Arrasateko emakume feministez osaturiko talde eragile batek, Emakume Txokoarekin batera. Aurtengoa bigarren edizioa izango da. 18:30ean izango da Kulturateko klaustroan.

Irakurraldian, testu eta pasarte ezberdinak irakurriko dira. Baina bestelako espresio bide batzuk ere erabiliko dituzte bertan aktiboki parte hartuko dutenek. Besteak beste, akera egongo da kantu, dantza, ipuin kontaketa eta musika erakustaldi batez gozatzeko.

“Nik sinisten dizut!” izan zen iazko irakurraldiaren lema. Eta horri tiraka, erabaki da aurtengoa “Gure ahotsak, gure indarra. Nik sinisten dizut!” izatea. Talde eragilearen ardura izan da, besteak beste, testuak lokalizatzea, ezaugarri ezberdinetako emakumeengana eta elkarteetara gerturatzea, proposamenak luzatzea edota irakurraldia osagarritzen duten elementuak lotzea.

Lemak, nola ez, erreferentzia egin gura dio emakumeon* autodefentsarako gaitasunari; elkarrekin antolatzeak ematen duen indarrari; ahizpatasunari; emakumeon ahalduntze pertsonalari zein kolektiboari; saretzeari; konplizitatea sortzeari; zaintzeari; aitortzeari; erreparazioari; biolentzia matxistak azaleratzeari; emakumeek oholtza eta protagonismoa hartzeari; komunitateari… Hori guztia plazaratzeko eta konpartitzeko, espazio seguru bat sortu gura dute. Horixe da irakurraldiaren xedea.

“Izan ere, emakumeon aurkako indarkeriak jendartean normalizatu eta sarri isilarazi egin ohi dira, bigarren mailakotzat kontsideratuz eta zilegitasun osoa ebatsiz. Horregatik guztiagatik ozen esan gura dugu “Gure ahotsak, gure indarra. Nik sinisten dizut!” azaldu du Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak.

Antolakuntzatik dei egin diete herritar guztiei irakurraldira inguratzeko. Ekimena bukatzeko, jatekoren bat egongo da, klaustroan bertan.

Argazkia: Goiena