‘Gure Ortua’ proiektua osatuta, lokatz gunea eta belardiko jolas eremu berria dituzte Santa Marinako ludotekako haurrek

2022/10/25
Lokatz gunean egurrezko hesiak jarri dira, sokez osatutako egurrezko zubia, hondarrarekin jolasteko txoko bat eta eskalatzeko beste txoko bat eraiki dituzte

Gaztetxoen nahiak aintzat hartu eta elkarlanean garatutako ‘Gure Ortua’ egitasmoak bidea egiten jarraitzen du. Arrasateko Udalak egitasmo hori martxan jarri zuen 2018an Santa Marina ludoketan, hiru eta hamabi urte bitarteko haurren beharrei erantzuteko.

Zerbitzuko txokoak definitu eta landu dira, ortua sortu da eta horma irudia margotu da azken urteetan haurrekin egindako partaidetza prozesu baten bidez. Orain, lokatz gunea eta belardiko jolasak prestatu dira haurrren eta gaztetxoen gozamenerako.

Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak nabarmendu du “proiektuaren lehenengo urratsa 2018-2019 ikasturtean eman zen, konturatu baikinen ludotekako kanpo espazioak eraldaketa premia zuela. Haurrekin batera lanean hasi ginen grisa, hotza eta hezea zen espazio bat argitsua, beroa izateko eta haurren nahietara egokitzeko. Helburu bi: lehena, espazioa berroneratzea eta haurren gozamenerako egokitzea, eta bigarrena, bide hori egitea haurrak prozesu horren parte bilakatuta, heziketan pausuak emanez”.

Helburuak lortzeko, partaidetza prozesu bat ireki zen. "Plano baten gainean diseinatu genituen txokoak, bakoitzaren arauak, beharrezko materiala… Luzea izan da, baina horrek guztiak emaitza ezin hobeak eman ditu", gaineratu du zinegotziak.

Udaleko obra lantaldearekin batera zehaztu zen zer lan egin lokatz gunean zein belardian: jarraian etorri ziren argiztapena, kanpora irteteko atea, ortua, eszenatokia… Lokatz gunean egurrezko hesiak jarri dira, sokez osatutako egurrezko zubia, hondarrarekin jolasteko txoko bat eta eskalatzeko beste txoko bat eraiki dituzte. 

“Txokoa egin da haurrekin elkarlanean eta haien nahietara egokituta” nabarmendu du zinegotziak, eskerrak emanez proiektu komunitario honetan parte hartu duten eragile guztiei: “haurren ahotsa entzutea ezinbestekoa da herrigintzan, are gehiago haien gozamenekoak diren eremuei begira. Prozesua bera heziketa balio ikaragarria duen bidea izan da alde bientzat”.

Argazkia: Mondraberri