‘Lezetxiki, Neardentalen lurraldea’ erakusketa ezagutzeko, bisita gidatuak, hitzaldiak eta erakustaldiak antolatu dira

2022/02/07
Otsail, martxo eta apiril artean, arrasatearrek aukeran izango dituzte 9 bisita gidatu, 3 hitzaldi eta erakustaldi bi.

2021eko abenduaren 17an ‘Lezetxiki, Neandertalen lurraldea’ erakusketa zabaldu zen Kulturaten. Gordailuak antolatutako erakusketa da, Arrasateko Udalaren, Arrasate Zientzia Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Erakusketan, ikusgai daude Gordailuko 60 pieza; horien artean, besteak beste, hartzen garezur osoak, makako baten baraila, Neanderthalek egindako harrizko tresnak eta haiek erabilitako maskorrak, horietako batzuk Mediterraneokoak.

Orain, ikusita erakusketak zer arrakasta izan duen, bisita gidatuak, hitzaldiak eta erakustaldiak antolatu dira herritarrentzat.

Bisita gidatuei dagokienez, guztira 9 hitzordu izango dira aukeran: otsailaren 10ean (euskaraz), otsailaren 17an (gaztelaniaz) eta otsailaren 24an (euskaraz); martxoaren 3an (euskaraz), martxoaren 10ean (gaztelaniaz), martxoaren 17an (euskaraz), martxoaren 24an (gaztelaniaz) eta martxoaren 31n (euskaraz); eta apirilaren 7an (gaztelaniaz). Bisita guztiak 18:30ean izango dira, eta gehienez 20 pertsonakoak.

3 hitzaldi ere antolatu dira, guztiak Kulturaten, areto nagusian:

  • Otsailaren 21ean, 19:00etan, Maria Martinon CENIEHko zuzendaria.
  • Martxoaren 23an, 19:00etan, Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko kidea.
  • Apirilaren 5ean, 19:00etan, Alvaro Arrizabalaga EHUko katedraduna.

Otsailaren 12an eta martxoaren 26an, historiaurreko hainbat lanen erakustaldia eta tailerra izango dira, Jose Julian Márquez-en eskutik. Hitzordu biak 11:30ean izango dira Zaldibarko frontoian.

Ekintza guztiak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da udal webgunean. Jada zabalik dago aukera.

Erakusketa apirilaren 9ra arte egongo da ikusgai.

Neandertalak Euskal Herrian

Neandertalak 100.000 urtez baino gehiagoz bizi izan ziren Euskal Herrian, eta era guztietako klimak ezagutu zituzten, bai gaur egungoen antzekoak (epelak eta hezeak), eta bai askoz estadialagoak (hotzak eta lehorrak). Horren ondorioz, haitzuloak ez ezik (Lezetxiki, esaterako), harpe harritsuak (Axlor) eta aire zabaleko kanpalekuak (Mugarduia iparraldea) ere erabili zituzten. Lehenengoek askoz informazio gehiago ematen digute neandertalei buruz, batetik, harpeetan eta kanpamentuetan aztarna arkeologikoak okerrago kontserbatzen direlako eta, bestetik, horietan zailagoa delako era horretako aztarnak aurkitzea.

Gainera, isurialde kantauriarreko altitude baxuko tokiak erabiltzeaz gain, isurialde mediterraneoan ere ibili ziren, besteak beste, Urbasan (900 m) eta Trebiñun (700-800 m), silex azaleratzeak ustiatzeko. Toki horietako batzuk silex tailerrak izan ziren (Murba).