“930.000 euro inguru bideratzeko prest gaude koronabirusak eragindako kaltea arindu eta ekonomia berraktibatzeko”

2020/04/03
Card image cap
Merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikiei Koronabirusaren krisiaren ondorioz sortutako egoera arintzeko 2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa bonifikatuko zaie, eta ekonomia berraktibatzeko erosketa bonuak jarriko dira abian; baita bertako kontsumoa bultzatu eta kaleak girotzeko iniziatibak ere.

Arrasateko alkateak adierazi duenez, 930.000 euro inguru bideratzeko prest dago Udala Koronabirusak eragindako kalteak arindu eta, behin pandemiaren une gorena igaro ostean, ekonomia berraktibatzeko. Neurriok, behin Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako diru-laguntza lerroak aztertu ondoren proposatu dira, hauen osagarri izatea baita helburua.

Bi bidetan bideratuko dira nagusiki Udalak proposatzen dituen sustapen neurriak: alde batetik merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikiei Koronabirusaren krisiaren ondorioz sortutako egoera arintzeko 2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa bonifikatuko zaie. Beste hainbat herrietan erabaki bada ere bakarrik itxialdi egoerako zatia bonifikatzea, Arrasateko Udalak 6 hilabete osorik bonifikatzea planteatu du, izan ere, ekonomiaren “geldialdi” honi aurre egiteko, hori baino gehiago beharko du herriko ehun ekonomikoak. Gainera,  ekonomia berraktibatzeko erosketa bonuak jarriko dira abian, bertako kontsumoa bultzatu eta, ahal den neurrian, euren sarrerak murriztuta ikusi dituzten familiei ere laguntzeko. Noski, tokiko merkataritzaren aldeko kanpaina espezifikoa eta kaleak girotzeko iniziatibak ere jarriko dira martxan.

"Berraktibazio eszenatokia prest izan nahi dugu, guztiontzako salbuespenezko egoera hau amaitzen denerako. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara, gure herriko ehun ekonomikoa suspertzen aktiboki laguntzeko”.

Alkateak azaldu duenez, asmoa da beste administrazioen laguntza-lerro osagarria izatea Udalarena, “komertzioari, ostalaritzari,  autonomoei eta enpresa txikiei eragindako kalte larriak arintzeko; izan ere, langile, hornitzaile eta alokairuko gastuekin jarraitu behar izan dute, diru-sarrerarik lortu gabe”.

Laguntza lerroak

Aipatu eran, laguntzak hiru noranzkotan bideratuko liratezke nagusiki: herritarrei babesa, egun enpresak jasaten ari diren gastuak estaltzen laguntzera eta ekonomiaren estimulaziora.

  1. Merkatari, ostalari, autonomoe eta enpresa txikiei Koronabirusaren krisiaren ondorioz sortutako egoera ekonomikoa arintzera bideratutako neurriak:

2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa bonifikatuko da: 15 lagun baino gutxiago dituzten  negozioei hobarituko zaie. Neurri honekin 656 negozio laguntzen dira eta neurri hauek 330.000 eurotako balioa dute.

  1. Behin pandemiak eragindako larrialdi egoera amaitu ostean, ekonomia berraktibatzeko 350.000 euro bideratuko ditu Arrasateko Udalak hiru lerro jarriz abian:

Bonuak erosketa sustatzeko herrian: 15.000 bono; 30 euroko balioa: erosleak 10€  ordainduta, Udalak 20€. Bonuak Arrasateko edozein negozioetan erosteko balioko du saltoki handietan izan ezik. Bonuaren bitartez negozioei zein familia unitateari laguntzea du helburu. Herriko komertzioa eta aktibitate ekonomiko ezberdinak sustatzeaz gain arrasatearrek beraien erosketa hautua egiterako orduan hobaria jasoko dute. 

Herriko saltokietan kontsumitzera bultzatzeko sentsibilizazio kanpaina. Herrian erosteak duen garrantzia eta dakarren onurak nabarmentzea da jomuga. Merkataritzak enplegua sortzen du, ekonomikoki garrantzitsu da, kaleak bizi mantentzen dituzte, gertukoa eta konfiantzakoa den zerbitzua eskaintzen dute eta jasangarri dira. Hori balioan jartzea da helburu eta horretarako  25.000 eurotako kanpaina abian jarriko da.

Kaleak girotu eta bizitzaz betetzeko ekintzen antolakuntza eta sustapena indartuko da. Lan ildo honetarako 25.000 euro bideratuko dira ekintza berriak martxan jartzeko.

  1. Kirola

Kirol instalakuntzak itxita dauden denbora kontutan izanik, erabiltzaileei ordainduta daukaten kostuaren zati proportzionala itzuliko zaie. Era berean ospatu ez diren ikastaroen kostua ere itzuliko zaie ordainketa eginda daukaten pertsona orori.

Neurri honek eragingo die 2.673 bazkideri eta kurtsoak hartzen dituzten 1.045 pertsonei ere.

Neurri honekin Udalak 80.000 euro inguru bueltatuko die erabiltzaileei.

 

  1. Gizarte Zerbitzuak

Arrasateko Udalak abian jarri du herritar zaurgarrienei gutxieneko baliabideak bermatzeko ez-ohiko laguntza ekonomikoa, Koronabirusaren ondorioz bizi dugun alarma egoerak ekarri dituen neurrien ondorioz.

Laguntza neurri berri hau espezian gauzatzen da eta horien banaketa Debagoieneko Gurutze Gorria erakundearen lankidetzaz egiten ari da Udala. Laguntzaren helburua da oinarrizko behar urgenteak bermatzea alarma egoerak irauten duen bitartean. Zerbitzu honen kostu totala udalak bere gain hartuko du.

Beste alde batetik, Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) ditu eta tramiteak erraztu egin dira lehentasuna emanez laguntza behar duten familiek laguntza hori ahalik eta azkarren jasotzea. Gainera, zenbateko totala areagotu da 129.000 eurotan.

Neurrien berri zabalduko zaiei enpresei, autonomo, langile eta herritarrei. Sustapen eta laguntza lerro ezberdinen inguruko epe mugak denbora laburrean emango ditu ezagutara Udalak.

Udala telematikoki artatzen ari da 010 / 943 25 20 00 telefonoan eta baz@arrasate.eus helbidean.