“Arrasaten bertakoak dantzan” programak aniztasun funtzionala duten gazteen garapena eta inklusioa sustatzen jarraituko du aurten ere

2025/10/15
Card image cap
Aurten ere, Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Aniztasun Atalak eta Gazteria Sailak, elkarlanean, Batera Aske Kooperatiba taldearen dinamizazioarekin, “Arrasaten bertakoak dantzan” programa martxan jarriko dute, aniztasun funtzionala duten gazteentzako aisialdi, kultura eta hezkuntza espazio sortzaile eta irisgarriak eskaintzeko helburuarekin.

Programak espazio seguru eta kalitatezkoa eskaini nahi die parte-hartzaileei, sormenaren eta mugimenduaren bidez garapen pertsonala eta soziala sustatuz. Gorputza eta musika izango dira ardatz nagusiak, eta saioetan gazteen beharrak eta nahiak erdigunean jarriko dira. Dinamika ludiko eta parte-hartzaileen bidez, jolasaren bidez ikastea eta ondo pasatzea izango da xedea.

Saioak bi ordukoak izango dira, bi astean behin, larunbatetan 11:00etatik 13:00etara, Etxaluzeko Axeri eta Solozar geletan. Jarduera hau urritik ekainera bitartean garatuko da, eta doako parte-hartzea eskaintzen du, Arrasateko Udalak sustatuta.

Gazte guztiei gonbidapena luzatzen zaie esperientzia paregabe honetaz gozatzera:
“barre egin, kuadrila osatu eta aske izan”, sormenaren eta inklusioaren bidez elkarrekin ikasiz eta gozatzeko aukera paregabea.

Izen emateak eta informazio eskaerak

Interesa duten pertsonek 639 456 218 telefonoan edo https://forms.gle/1HCyjxJukovGUAf7A helbidean eman dezakete izena.

Informazio gehiago:
E-posta: bash@bateraaske.com
Telefonoa: 680 155 746 – Ane Davila (soilik informazio gehigarria eskatzeko)