“Begirada aldatu, herria eraldatu!”: espazio publikoa hobetzeko proposamenak saio irekian lantzeko hitzordua urtarrilaren 21ean
2026/01/13
Arrasateko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu “Begirada aldatu, herria eraldatu!” prozesuaren baitan antolatu den proposamen saio irekian parte hartzera. Saioa urtarrilaren 21ean, asteazkena, 18:00etan izango da, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
Saio honen helburua Arrasateko espazio publikoa hobetzeko proposamenak kolektiboki lantzea da, azken hilabeteetan egindako ekintza parte-hartzaileen emaitzetatik abiatuta. Udalak sustatzen duen hirigintza parte-hartzaileko prozesu honek herria anitzagoa, zaintzaileagoa eta iraunkorragoa izatea du xede, genero-ikuspegia ardatz hartuta.
Azaroan abiatutako prozesuaren itzulera saioa
Azaroan abiatu zen prozesuaren baitan, auzoz auzoko esplorazio-ibilbideak eta bestelako dinamika parte-hartzaileak egin dira, herritarren eguneroko bizipenetatik eta beharrizanetatik ikasteko. Urtarrileko saio irekia, hain zuzen ere, egindako lan horren itzulera eta aurrerapausoa izango da, jasotako ekarpenak proposamen zehatz bihurtzeko.
Arrasateko Udalak azpimarratu nahi du parte-hartzea funtsezkoa dela: ahots guztiak beharrezkoak dira, eta bereziki emakumeen eta disidentzien ekarpenek leku garrantzitsua izango dute saioan.
Saioa irekia da eta ez da aurretiko izen-ematerik behar. Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera eta, elkarrekin, Arrasateko espazio publikoa eraldatzen jarraitzera.
Hitzorduaren informazioa
- Ekitaldia: Proposamen saio irekia – “Begirada aldatu, herria eraldatu!”.
- Data: Urtarrilak 21, asteazkena.
- Ordua: 18:00
- Lekua: Kulturatea, Jokin Zaitegi gela.

