“Bihurgune 1545” proiektua izan da Monterron parkea herritartzeko ideia lehiaketako diseinu irabazlea

2018/10/26
Ekimen honen helburua da Monterron parkearen sarrera egokitu, espazioaren egungo erabilera bultzatu eta espazioa erdigunera zabaldu eta hurbiltzea

Gaur egun Monterrongo parkea ez dago erdigunean behar bezala integratuta. Ondorioz, herritar gutxi joaten da bertara eta espazio horren erabilera nahiko mugatua gelditzen da.

Egoera horren aurrean eta parkearen egungo irisgarritasun arazoak aintzat hartuta, 2017 urte amaieran Monterron herritartzeko hirigintza arloko adituei zuzenduriko ideia lehiaketa jarri zuen martxan Arrasateko Udalak, parkearen sarrera egokitu, espazioaren egungo erabilera bultzatu eta espazioa erdigunera zabaldu eta hurbiltzeko.

Lehiaketaren garapena

Ideia lehiaketa bi fasetan garatu da. Lehen fasean, lehiaketan ezarritako irizpideei jarraiki, 11 diseinu onartu zituen Udalak eta horiek guztiak ikusgai jarri zituen Kulturaten, uztailaren 3tik irailaren 14ra bitartean, arrasatearrek gustukoen zuten diseinua bozkatu zezaten.

Herritarrentzat lehen bost gustokoenak hauek izan dira besteak beste;  

  1. Ibilbide 2018
  2. Bihurgune 1545
  3. Lurruna 1247
  4. Uhina 2018
  5. Parentesis 0132

 

Guztira 342 boto jaso ditu Udalak eta horri lotuta, eskerrak eman dizkie herritarrei haien boto eta ekarpenen bitartez prozesuan inplikatu eta parte hartu izanagatik.

Bigarren fasean, aldiz, bozketa epea amaituta, 11 lagunez osatutako epaimahaiak hartu du azken erabakia. Horretarako aintzat hartu du herritarren iritzia eta proposamenen bideragarritasun ekonomiko-teknikoa, inguruarekin bat egiteko duen gaitasuna, irisgarritasun maila edota parkearen egungo erabilerekin duen bateragarritasuna (jaietako karpak, txosnak…).

Irizpide horiei erreparatuz, lehenik 5 finalista aukeratu ditu epaimahaiak eta, ondoren, 5 finalista horien artean irabazlea aukeratu du.

Hauek dira azken emaitzak:  

  1. Bihurgune 1545: Victor Vazquez Blanco eta Idurre Garcia Fernandezek aurkeztua
  2. Parentesis 0132: Alexander Michbronn de la Mazak aurkeztua
  3. Berdetuz 2018: Pezestudio, SC. enpresak aurkeztua 
  4. Pasear 0227: Edurne Oyanguren Zorita eta Maria Rivas Herediak aurkeztua
  5. Ibilbide 2018: Maria Celina Lopez Precek aurkeztua

bihurgune 1

 

Sari banaketa:

Lehiaketako emaitzei jarraiki, gaur arratsaldean udaletxean egindako ekitaldian finalisten artean sariak ere banatu dira.

  1. Irabazlea: 10.000€
  2. Bigarren saria: 5.000€
  3. Azken hiru finalistak: 1000€

 

Ideia lehiaketari esker, etorkizunera begira Monterron parkea herritartzeko abiapuntua izango du Udalak, betiere saridunen ideiak kontutan izanik, parkearen sarrera egokitu, espazioaren egungo erabilera bultzatu eta espazioa erdigunera zabaldu eta hurbiltzeko.