“Emakumeen Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa” pilota txapelketaren finala Uarkapen egingo da martxoaren 17an

2024/03/08
Card image cap
Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Emakumezkoen Binakako Final Nagusia Arrasaten egitearen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek eta udal ordezkariek.

Emakume Master Cup elkarteak eta Arrasateko Udalak gaur adostu eta koordinatu dituzte  azken xehetasunak “Emakumeen eskuz Binakako Master Laboral Kutxa” pilota txapelketa Arrasateko Uarkape pilotalekuan egiteko. Horiek adosteko hitzordua egin dute elkarteko ordezkari Iker Amarikak, eta udalaren izenean Maider Morras alkateak, Eva Abuin Feminismoak eta LGTBI+ zinegotziak eta Mikel San Miguel kiroletako zinegotzi laguntzaileak.

Final Handiaren hitzordua martxoaren 17an izango da, eguerdiko 12:00etan. Ordu horretan, eta jaialdiari hasiera emateko, elite mailakoak diren Garai-Mendizabal eta Larrarte-Bergara pilotari emakumeek partida jokatuko dute. Ostean izango da Final Handiaren txanda, elite mailako Arrizabalaga-Erasun eta Etxegarai-Gaminde pilotariak norgehiagoka arituko dira txapelaren bila.

Frontoira sartzeko ez da txartela aurrez erosi beharko, sarrera librea izango da edukiera bete arte. Adierazi dute “herritar guztiak animatu nahi ditugu emakumezkoen pilota babestera, eta hilaren 17an partidua ikustera bertaratu daitezen”.

Kirolean ere berdintasun beharra

Maider Morras alkateak final nagusia Arrasaten egitearen garrantzia azpimarratu du. “Emakumeen kirola sustatzea erakunde guztien ardura eta betebeharra da, horregatik, ekitaldiaren antolaketan udaleko kirol arduradunak egoteaz gain, berdintasun ordezkariak ere elkarlanean aritu dira. Herritarron parte hartzea garrantzitsua izango da emakumezkoen pilota balorean jartzeko. Horregatik, arrasatear guztiak animatu nahi ditut datorren martxoaren 17an Uarkapera gerturatu daitezen”.

Zuzenean ETB1en

Final Handia izanik, ETBk zuzenean emango ditu partida biak, eta sari banaketa, telebistaren lehen katean, 12:00etan hasi eta 14:00ak arte. Finalaren xehetasun guztiak azaltzeko, prentsaurrean agertuko dira antolatzaileak eta pilotariak datorren astean.