“Etxaluze-Musakola” bizikleta bidea

Irailaren 22tik 26ra, Kulturateko Klaustroetan edo webgune honetan bertan ikusi ditzakezu Etxaluze-Musakola bidea bizikleta gainean egiteko alternatibak, eta haien inguruko zure iritzia eman.

Guztion artean diseinatutako bide sare bat osatzea gura du Udalak herri barruan, eta horixe da “Etxaluze-Musakola bizikletaz egiteko alternatibak” erakusketa ezartzearen arrazoi nagusia: Arrasatearrek proiektuak planteatzen dituen aukeren inguruan zer iritzi duten jakin gura du Udalak.

Informazio guztia eskura

Etxaluze- Musakola bizikleta bidearen aukera eta bideragarritasuna aztertzeko lana Bidei enpresari esleitu zion Udalak. Gauzatutako proiektuan, besteak beste, eremu horretako bidea 17 zatitan banatu da, eta zati bakoitzeko kasuistikaren arabera, hainbat aukera edo alternatiba aztertu dira. Aukera horiek, bai bizikleta bidearen kokapena, bai bide-mota ezberdinak aztertzen dituzte.

Proiektua jendaurrean jarriko da gaur, 22an, Kulturateko Klaustroetan zabalduko den erakusketan. Erakusketa hilak 26 arte egongo da zabalik arratsaldeko 17:30tik  20:30 arte.

Erakusketa irekita dagoen bitartean, udal teknikari bat izango da bertan,  herritarren zalantzak argitu eta laguntza eskaintzeko. Erakusketan bertan iritzia emateko, fitxa batzuk izango dira eskura.

Kulturateko erakusketan ez ezik,  Udalaren web orrian ere, badago proiektua ikusteko aukera, hementxe.