“Immigrazioa, eskola eta bizikidetza” hitzaldia maiatzaren 12an Kulturaten Amelia Barquinen eskutik

2021/05/06
Arrasateko Udaleko Ongizate sailak antolatutako hitzaldian aztergai izango da euskal eskolak azken hamarkadetan zer-nola erantzun dion immigrazioaren errealitateari

Maiatzaren 12an, 18:00etan, Kulturaten, areto nagusian, “Immigrazioa, eskola eta bizikidetza” izeneko hitzaldia eskainiko du Amelia Barquínek, Arrasateko Udaleko Ongizate sailak antolatuta. 

Filologian doktorea eta gaur egun HUHEZIko irakasleak ikergai izan ditu testuinguru kultura anitzetako ikaskuntza eta irakaskuntza. 2002tik Mondragon Unibertsitateko Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien fakultateko ELEA taldeko koordinatzailea da, haren oinarri nagusia izanik hiritartasuneko hezkuntza.

Bere ikerketa hezkuntza eta kultura aniztasunera zuzendu delarik, azken hamarkadetan euskal eskolak immigrazioaren errealitateari eman dion erantzuna izango du aztergai datorren maiatzaren 12an. Izan ere, XXI. mendeko bigarren hamarkadan,  immigrazioaren  etorrera  izan  da,  beharbada,  aurreko  hamarkadan  euskal  eskolari  gertatu zaion gertakaririk garrantzitsuena.

Aipatzekoa da euskal eskolak bere gain hartu duela eta erantzuna eman diola immigrazioak  planteatu  duen  egoerari.  Gertakariaren abiadura eta garrantzia  gorabehera,  hezkuntza sistema gai izan da aurreikusi gabeko ikasleen ekarpen hori hartzeko eta artatzeko, horrek ekarri  duen  guztiarekin.  Atzean daude  euskal  eskolako  irakasleen  zati  oso  garrantzitsu  baten  ahalegina  eta  inplikazioa.

Horrela, bada, hitzaldian emango du gertaeraren eboluzioaren prozesua eta gaur egun hezkuntza sistema dagoen egoeraren analisiaren inguruko informazioa; gizartean hedatuta egon daitezkeen usteen aurrean, kontrastatutako informazioa zabaldu.