“Isiltasunetik” dokumentalaren emanaldia eta solasaldia Amaia Udal Antzokian
2026/02/12
Datorren otsailaren 19an, eguena, 19:00etan, “Isiltasunetik” dokumentala proiektatuko da Amaia Udal Antzokian.
Zer entzuten da isiltasunetik? Hautua al da, ala derrigortua? Zer entzun nahiko luke modurik ez duenak? Eta zer ez luke entzun nahi modua duenak?
“Isiltasunetik” dokumentalak jaiotzetik gorrak diren bi lagunen bidaia kontatzen du: furgonetan Marokora egindako ibilbidea, gidari eta zeinu-hizkuntzako interpreteekin batera. Kolorez, usainez, zaporez eta batez ere soinuz beteriko herrialde horretan, nola biziko ote dute Marrakexeko Jemaa el-Fna plazaren zalaparta edo basamortuko isiltasuna? Nola komunikatzen da entzuterik ez duen pertsona lurralde arrotz batean?
Lan honek leiho bat irekitzen du gorren mundura, eta ikus-entzuleei aukera eskaintzen die komunikazioaren beste modu batetik eta beste begirada batetik bizitzaren esperientzia ezagutzeko.
Emanaldiaren ondoren, solasaldia izango da dokumentaleko protagonistetako batekin, zeinu-hizkuntzako interpretearekin eta zuzendariarekin.