“Kontaiguzu: ipuin anitzen txokoa”, Arrasateko ipuin kontaketa saioek izen eta irudi berria estreinatu dute

2026/06/17
Card image cap
Lehiaketa abenduan izan ohi da, eta irudi berria lehiaketa deialdi berriarekin batera aurkeztuko dute antolatzaileek abenduan. Irudi horiek aukeratzeko, Arrasate Institutuko Batxilergo Artistikoko ikasleekin lehiaketa bat antolatu da. Epaimahaiak bi kategoria bozkatu ditu, eta bietan Ane Fernandez izan da irabazlea.

2015etik martxan dagoen “Mundutik Arrasatera ipuin kontaketak” ekimenak aro berri bati ekin dio, izen eta irudi berrituarekin: “Kontaiguzu: ipuin anitzen txokoa”. Izen aldaketa honekin, proiektuak aniztasunaren ulerkera zabalago bati erantzun nahi dio.

Ekin Emakumeak elkarteak, Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Udal Bibliotekak elkarlanean garatzen duten egitasmo honen helburu nagusia herriko aniztasuna ikusaraztea da. Ipuin kontaketa hauen bidez, elkarrekiko errespetuan eta aitortzan oinarritutako harremanak sustatu nahi dira, eta horretarako, herritarrak beraiek dira ipuinen kontalari eta protagonista. Herrian dagoen aberastasun kultural eta sozialaz baliatuz, aniztasun mota desberdinak lantzen dira saio hauetan.

Irudi berria, herriko gazteen sormenetik sortua

Izen berriarekin batera, egitasmoak logo eta kartel berriak ere estreinatuko ditu. Irudi horiek aukeratzeko, Arrasate Institutuko Batxilergo Artistikoko ikasleekin lehiaketa bat antolatu da. Epaimahaiak bi kategoria bozkatu ditu, eta bietan Ane Fernandez izan da irabazlea.

Sari gisa, irabazleak 75 euroko bi erosketa bono jaso ditu (bana kategoria bakoitzeko), Eskuz dendan erabiltzeko. Sari honen bidez, gazteen sormen artistikoa sustatu eta egindako lana aitortu nahi izan da, izan ere, hemendik aurrera bere proposamenak izango baitira jardueraren irudi ofizialak.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete lehiaketan parte hartu duten ikasle guztiei, baita proiektuan lagundu duten irakasleei ere, erakutsitako konpromiso eta gogoagatik.