Arrasateko Udalak 2023-2027 Gobernu Planaren aurkezpen saioen balorazio positiboa egin du, eta eskerrak eman die herritarrei

2024/02/28
Card image cap
Udalak uste du aurkezpen huts bat baino gehiago “elkarri entzuteko” espazioak ireki direla, eta eskerrak eman die herritarrei parte hartzeagatik.

Arrasateko Udalak balorazio positiboa egin du ‘2023-2027 Gobernu Plana’ aurkezteko egindako saioez. “Lehen aldia zen Arrasateko Udalak gardentasun ariketa hau egiten zuena, eta esan genezake oso aberatsa izan dela” Maider Morras Azpiazu alkatearen esanetan.

Udal Gobernuak hilaren 19an egin zuen aurkezpen nagusia Kulturateko klaustroetan, eragile eta herritarren aurrean, eta, gero, auzoz auzo aurkezteari ekin zion. “Legegintzaldiak irauten duen 4 urteetan zer egingo den ezagutzera eman, eta gure helburua izan da herritarren zein eragileen kezkak eta iritziak entzutea. Esan genezake herritarrek zein eragileek begi onez hartu dutela ariketa hau”.

Elkarri entzuteko ariketa

Udal ordezkariek nabarmendu dute auzoz auzo ireki diren espazioak erabili dituztela elkarri entzuteko, eta oso eskertuta agertu dira herritarrek izan duten jarrera eta harreragatik. Alkateak azaldu du “Gobernu Plana azaltzeaz gain, auzoetako kezkez eta beharrez hitz egin dugu, eta oso ariketa positiboa izan da. Ohartu gara auzoetan auzoko gaiez hitz egiteko espazioak beharrezkoak direla, eta, aurrera begira, asmoa da elkarri entzuteko halako espazioei jarraipena ematea”.

Txostena eskuragarri webgunean

‘2023-2027 Gobernu Plana’ dokumentua deskargatu daiteke dagoeneko arrasate.eus atarian. Han aurkitu daitezke agintaldian egin asmo diren proiektuak, haien memoria eta gauzatze plangintzarako kronograma bat. Edozelan ere, dokumentua “dokumentu bizia” izatea nahi du gobernuak, eragileekin zein herritarrekin elkarlanean gauzatuko dena.

Aurkezpen nagusia2.JPG

Erguin-Uribarri.jpg

Musakola.jpg

San Andres.jpg

Santa Marina.jpg