Kirol Azpiegituren Plana 2023an abiatuko da Iturriperen berritzearekin

2022/12/20
Udal Gobernuak 5 urteko inbertsio plan bat landu du, 2023-2027 urteetarako, eta udalerriko 8 instalazio hartzen ditu bere baitan: Pump Track, Erguin herri eskola, Iturripe, Uarkape, Musakola, Parkour parkea, Arrasateko Institutua eta Arizmendi Musakola ikastola.

Kirol Azpiegituren Plana gauzatze fasean sartu berri da. Proiektua herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egin da 2021 eta 2022 bitartean, eta ausaz aukeratutako 8 erabiltzailek, udal erroldan ausaz aukeratutako 10ek eta 13 kirol agentek parte hartu dute. Proposamenak kalean bertan ere jaso ziren.

Arrasateko Udalak aurreko legealdian egin zuen Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektua. Bigarren fase honetan, Musakolako kiroldegiaz gain, herriko azpiegituren mapa modu integralean landu da, besteak beste, Iturripe kiroldegia eta Uarkape pilotalekua barne hartzen duena.

María Ubarretxena alkateak adierazi duenez, "apustu estrategiko honi ekimen eta ausardiaz heltzen ari gara. Gure kirol azpiegiturak ez daude Arrasateko errealitate berrira egokituta, zaharkituta geratu dira eta ez dituzte arrasatearren beharrak asetzen. Plan hori izango da tokiko kirolak eta herritarren kirol jardunak behar duten oinarri sendoa. Bultzada beharrezkoa bezain onuragarria”.

Planak udalerriko 8 instalazio hartzen ditu: Pump Track, Erguin herri eskola, Iturripe, Uarkape, Musakola, Parkour parkea, Arrasateko Institutua eta Arizmendi Musakola ikastola.

Udal Gobernua 5 urterako inbertsio plan baten inguruan ari da lanean, 2023-2027. Plana 3 fasetan gauzatuko da:

2023-2024:

  • Pump Track: Pump Track berriaren eraikuntza Markuleten.
  • Iturripe: Iturripe birmoldatzen hastea. 14.342 m2-ko azalera du. Barnean 2 kantxa, padel pista 2, makina-gimnasio 1 eta erabilera anitzeko 3 areto izango ditu. Kanpoaldean, berriz, 2 frontoi erdi itxi, kirol anitzeko 2 pista, Skate Park 1 eta atletismoko pista 1. Udalak dagoeneko sartu du 2023ko aurrekontuan 200.000 euroko hasierako aurrekontu partida bat, obrak egiten hasteko.

2024-2025:

Ikastetxeetako eta Uarkapeko kirolguneak berrituko dira.

  • Erguin herri eskola: estaldura itxiko da.
  • Arizmendi Musakola ikastola: patioa estaliko da.
  • Institutua: Kirol pabiloia berritzea.

2025-2027

  • Musakolan kiroldegi berria egitea. Musakolak igerileku handia eta txikia, spa, kanpoko igerilekua eta berdegunea, erabilera anitzeko kantxa eta harmailak, rokodromoa, padeleko 2 pista, teniseko 2 pista, taberna, Tatami gunea, erabilera anitzeko 5 gela, makina-gimnasio 1 eta klubentzako gimnasio 1 izango ditu.
  • Antoña: kantxa 1, squash pistak, 2 frontoi eta erabilera anitzeko gela 1.

Udal ordezkariek adierazi dute: "Udalerri osasungarri bat dugu helburu, eta, horretarako, kalitatezko azpiegiturak eskaini behar zaizkie herritarrei, kasu honetan kirol arlokoei. Kirol instalazioak eguneratu eta birdimentsionatuko ditugu, adin guztietarako egokitzeko eta jasangarritasun, irisgarritasun eta efizientzia parametro guztiei jarraituz”.

Arrasateko kirol azpiegituren proiektuari ekarpenen bategin gura diozu? kirolazpiegiturenmapa@arrasate.eus helbide elektronikoaren bidez egin dezakezu.

Abiapuntua 2017an, Musakolako kiroldegiaren 40. urteurrenean

2017an 40 urte bete ziren Musakolako kiroldegian, eta orduantxe hasi zen Arrasateko Udala herriko kirol instalazioak aztertzen, Musakolako eta Iturripeko kiroldegiak eraberritzeko lanketan. Batak zein besteak egiturazko arazo ugari du, eta, urteak igaro ahala, zaharkituta geratu dira instalazioak.

2018ko lehen seihilekoan, udalerriko kirol instalazioen inguruan partaidetzako prozesuaren lehen fasea garatu zen. Udala kirol elkarte guztiekin bildu zen, haien beharrak aztertzeko, baita herriko kirol azpiegiturak erabiltzen dituzten herritarrekin ere.

Aldi berean, udalak 2019-2029 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa gauzatzeari ekin zion Arrasaten, Musakolako eta Iturripeko berrikuntzen atal berezituarekin. "Herritarrekin eta eragileekin egindako prozesuan, erabaki zen beharrezkoa zela beste kiroldegi bat, egungoaren aldean, azpiegitura gehiagorekin. Era berean, herritarren berritze beharra azpimarratu zuten: kanpoko eta barruko igerilekuetan leku falta" azaldu dute udal ordezkariek.

2018ko bigarren seihilekoan, udalak aurreproiektua egin zuen, eta herritarren eskaerak txertatu zituen. Bilera irekiak egin ziren berriro emaitza aurkezteko, eta hainbat paneletan irudikatu zen Musakolako kiroldegi berria, besteak beste.

2019an, proiektua garatzeko urratsak eman ziren: kudeaketa, inbertsio maila... Orain, bigarren fasearen partaidetza aldia amaituta, exekuzioari ekingo zaio 2023an.

Argazkia: Mondraberri