21 ur joko izango ditu Santa Barbarako ur parkeak eta uztailean zabaltzea da aurreikuspena, egoerak ahalbidetzen badu

Ur parkea gaztetxo guztiek erabili ahal dezaten, gurpil-aulkiekin bertara iritsi ahal izango da. Ur jokoen gunea eta bertako hiri-altzariak ere desgaitasunak dituzten pertsonetara egokituta daude.

Santa Barbarako ur parkean ur jokoen azken frogak egiten dihardute. Uztailean zabaltzea da aurreikuspena, egoerak ahalbidetzen badu. Adin tarte guztientzat egindako parke bat da, baina bereziki ume eta gazteentzat. Proiektuaren helburua familiarentzako eremu ireki,  ludiko eta fresko bat sortzea izan da hasieratik. Udalak Santa Barbara parkearen beheko gunea birmoldatzeko nahitik jaio zen ideia eta orain errealitate da.

Arizmendi ikastolako Arimazubi zentroaren ondoan dago ur parkea, Arrasateko erdigunean, balio natural handiko kokalekuan. “Leku aproposa da, eguzkiak eragin zuzena duelako egunaren zati gehienean. Gainera, parkeak onura bikoitza dakar herriarentzat: alde batetik, kokatuta dagoen gunea berreskuratu da baliozko instalazioak eskaintzeko, eta, bestetik, biztanleek aisialdirako gune seguru, desberdin eta ludiko bat izango dute eskuragarri uztailetik aurrera” adierazi dute udal arduradunek.

Herriko gainerako ur instalazioekin batera irekitzea da asmoa, esan bezala, uztailean, pandemiaren bilakaerak posible egiten badu hori. “Udako hilabeteetan tenperaturak beroagoak direnez, ohiko aukerei alternatiba bat gehitu nahi izan die Arrasateko Udalak ur parkearekin. Uda honetan adin guztietako herritarrek ur parkeaz gozatu ahal izango dute beroari aurre egiteko. Gogorarazi beharra dago, koronabirusaren testuinguruan, ezinbestekoa izango dela pertsonen arteko distantziak errespetatzea, guztion segurtasuna bermatzeko”.

Ur jokoak

Guztira 21 ur joko izango ditu parkeak, adin desberdinetarako diseinatu direnak. Pultsadore baten bitartez piztuko dira, erabiltzen direnean bakarrik aktibatzeko eta urik ez xahutzeko. Gainera, joko eremuko zoladura prestatuta dago irristadak edo erorketak saihesteko. Ez da zaintzailerik edo sorosle langilerik egongo eta parkera sarrera doakoa izango da, beste haur parkeen antzera. Udalak erabiltzaileengan jartzen du ur parkea egoki zaintzearen ardura.

Ur jokoez gain, berdeguneak eta hiri altzariak ere izango ditu parkeak, familiarentzako eta aisialdirako toki eroso bat eratzeko helburuarekin. Otorduak egiteko mahai gune bat eta eserlekuak jarriko dira, esaterako.

Irisgarritasuna

Ur parkea gaztetxo guztiek erabili ahal dezaten, gurpil-aulkiekin bertara iritsi ahal izango da. Ur jokoen gunea eta bertako hiri-altzariak ere desgaitasunak dituzten pertsonetara egokituta daude.

Ur parkea eraikitzeko lanak 2019ko martxoan hasi ziren, beraz, urtebeteko iraupena izan dute, eta guztira, 391.041,70 euroko aurrekontua izan du proiektuak, B.E.Z. barne.