Arrasateko Udal Gobernuak 45,8 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2024rako, «datozen urteetako politiken oinarri eta abiapuntu» izango dena.

2023/12/13
Card image cap
Maider Morras alkateak hiru ardatz nagusi azpimarratu ditu: ehundura komunitarioa indartu eta zaintzea; herri hobea, erosoagoa eta jasangarriagoa; eta elkarlan kooperatiboan eraikitako gobernantza eredua.

Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek Arrasateko 2024ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur. Gobernuak guztira ia 46 milioiko inbertsio eta gastuak aurreikusi ditu, «datozen urtetan gauzatuko diren proiektuen abiapuntu bezala», adierazi du Maider Morras, Arrasateko alkateak.

Aurrekontu proposamenak hiru ildo nagusi eta estrategikori erantzuten die: ehundura komunitarioa indartu eta zaintzea; herri hobea, erosoagoa eta jasangarriagoa sortzea eta gobernantza eredu kooperatibo bat eraikitzea, hurrenez hurren. «2024ko aurrekontuek hiru zutabe horietan Arrasatek zein arrasatearrek dituzten beharrei eman nahi die erantzuna» gehitu du alkateak.

Ongizatea, garapen komunitarioaren berme

Arrasatear guztien ongizatea bermatzeko, bi proiektu nagusi azpimarratu ditu Morrasek, osasun mentalaren inguruan diagnostikoa egitea eta aniztasun politiketan esku hartzea. Lehen proiektuaren harira, alkateak adierazi du behin diagnosia osatuta, asmoa dela datozen urteetan martxan jartzea politika batzuk atzemandako beharrei erantzuteko. «Apustu argia egiten dugu herritarren osasun mentala zaintzeko, horrek zuzeneko eragina duelako norbanakoen ongizatean, baita, aldi berean, herriko bizikidetzan ere. Gainera, proposamen hori aurrera eramateko, gure asmoa da herriko eragileen inplikazioa sustatzea».

Aniztasun politikei dagokionez, iragarri du partida bat sortu dela gaur egun udalak duen Aniztasun Plana gauzatze aldera giza baliabideak kontratatzeko. «Hiru urteko exekuzio programa bat egingo da Aniztasun Mahaiarekin lankidetzan, eta, horretarako, lanaldi osoarekin egongo den teknikari bat kontratatuko da epealdi horretarako, eta helburua izango da hiru urte horietan Arrasateko jatorri eta identitate ezberdinen arteko bizikidetza eta integrazioa bultzatzea. Inplikazio politiko berezia egin nahi dugu esparru honetan, eta hori abiapuntua izatea nahi dugu zehar lerrotasunean sakontzeko».

Hirigintza, herritarren iritziekin eta jasangarritasun irizpideekin

Arrasate hobearen, erosoaren eta jasangarriaren bidean auzoen berrurbanizazioek presentzia nabarmena hartuko dute. Alkateak azaldu duenez «Santa Teresa eta Dosnestebe Portuko kaleen urbanizazioei jarraipena emango zaie 3 milioi eurorekin, Altamiran Jose Luis Iñarra kalearen berrurbanizazioaren lehen faseari ekingo zaio 2 milioi eurorekin, eta beste bi guneren proiektuak egingo dira: Gudarien plazakoa urte hasieratik hasita, eta urte amaierarako espero da Grupo San Juaneko proiektua idazteko deialdia egitea».

Herri ikuspegian pedagogia ere txertatzea aurreikusten du udalak, kanpaina bat abian jarriz garbitasunaren inguruan herritarren hausnarketa bultzatzeko, eta lanketa bat aurrera eramanez cohounsing ereduaren definizioa bilatuko duena.

Azkenik, udal gobernuak gehitu du luzaroan alde batera utzitako azoka berpizteko lanei ekingo diola. «Horretarako, azoka eraberritzeko lehen zatia exekutatuko da, eta horrez gain, lanketa egingo dugu eragileekin azokaren erabilera indartzeko ereduaren inguruan» azaldu du Morrasek.  «Gure helburua da kontsumo eredu jasangarri bat bultzatzea, eta hori lortze aldera ekimenak eta hitzarmenak sustatuko ditugu», gehitu du.

Amaitzeko,  ingurumenari lotuta «Gure helburua da Arrasateko hiru natura parkeei garrantzia ematea. 2024rako Etxezarretako eremuko lorategien eta ibilbideen errekuperatze planaren proposamena gauzatzeari helduko diogu, eta datozen urteetan Monterron eta Santa Barbara parkeak birpentsatzeko txanda izatea nahi dugu» dio alkateak. Horrez gain, gehitu du landa lurrak erosteko partida ere handitu dutela, «bestelako basogintza eredu bat bultzatu eta kudeatzeko».

Kirola eta kultura, lehen urratsak

Kirol azpiegitura berrien obrak ez dira 2024an hasiko, baina bai horiek egiteko proiektuen erredakzioa. Zer horretan, lehena Iturripeko proiektua izango da. «Proiektua egon bazegoela uste bagenuen ere, gobernura heldu ginenean, konturatu ginen ez zegoela proiekturik». Horrez gain, alkatearen esanetan «kirol azpiegitura handiak eginda egoteko urteak beharko direnez, mantentze eta konponketa inbertsio berriak ere egingo dira». Batzuk aipatzearren: 841.000 € atletismo pista berritzeko eta 520.000 €-ko inbertsioa Mojategiko argiteria aldatzeko. «Azken horren kasuan, LED sistemadun argiak ezarriko direnez, energia kontsumoa gutxituko da, jasangarritasunean eta gastuen gutxitzean lagunduz». Gainera, udal gobernuko kideek nabarmendu nahi izan dute kirol klubei dirulaguntzak handituko zaizkiela, «azken urteetan ez bezala».

Kulturari dagokionez, «urrats berriak eman» eta sormen beka bat abiarazteko asmoa agertu dute. «Disziplina artistikoa eta bekaren oinarriak 2024an zehaztuko dira», adierazi dute.  Horrez gain, «Amaia antzokiari lotutako ustezko eraberritzearen proiektua idazteko partida jaso dugu. Abenduan zehar jasoko dugu txosten teknikoa, eta orduan jakingo dugu interbentzioaren beharra eta horren nondik-norakoak», gehitu du udal gobernuak. Azkenik, jai ekintzen partidak handitu dira.

Berdintasuna eta gazteria, zeharlerroan

Emakume Txokoak bere kokaleku berria definitzeko proiektua abiaraztea aurreikusten du udal gobernuak, 20.000 €-ko partida batekin. Eva Abuin Feminismoa eta LGTB+ saileko zinegotziak adierazi du aurrekontuetan hala jaso dutela. Horrez gain, adierazi du partida berri bat dagoela, «Arimazubiko lokala egokitu eta, han, Emakume Txokoan sortu diren emakume taldeek beren jarduerak gauzatzeko». Gainera, 2024an Emakume Txokoak berak egiten dituen jarduerek 120.000 €-ko partida izango dute, eta beka bat, 10.000 eurokoa, sorkuntza feminista lantzeko eta 10.000 euroko partida bat emakumeen memoria lantzeko.

Berrikuntzen artean LGTB+ politikak daude. «Lehen aldiz, LGTB+ politiketan urrats esanguratsuak emango dira Arrasateko Udalean. Lehenengo pausua, diagnosia egitea eta formazio tekniko eta politikoa eskaintzea izango dira. Kolektibo horrek herrian bizi duen egoera aztertu eta datozen urteetarako ekintza plana osatzen hasiko gara», adierazi du Abuinek. Horrekin batera, gaineratu du beka bat ere irekiko dela Arrasateko LGTB+ kolektiboaren memoria historikoa jasotzeko. «Modu horretan abiapuntua izango dugu kolektiboarekin genuen zor historikoa kitatzeko».

Gazteria arloan ere izango dira berrikuntzak. «Aurrenerabeen aisialdi zerbitzu berria martxan jartzeko, 50.000 €-ko partida bat jarri dugu. Gaur gaurkoz, udala diagnosi txostena egiten ari da  9-12 urte bitarteko haurren beharrak identifikatzeko, eta behin beharrak identifikatuta daudenean zerbitzua martxan jarriko da. Gaur egun 12 urtetatik aurrerakoentzat Gaztetxokoa den bezala, gure nahia eta asmoa da zerbitzu hori 9-12 urte bitartekoentzat izatea». Norabide horretan, udal gobernuak iragarri du diru partida bat egongo dela Musakolako Gaztetxokoa berriz martxan jartzeko, eta amaitzeko, 50.000 euro izango direla Gaztetxearen konponketa, mantentze eta saneamendu obrak egiteko.

Aurrekontuen negoziazioak

Joseba Ezpeleta Ogasun batzordeburuak 2024ko aurrekontu proposamenaren aldeko posizioa agertu du, “Udalak gaitasun finantzario nahikoa duelako datozen erronkei aurre egiteko”. 

Negoziaziaketei dagokienez, “talde guztiei ireki diegu aukera ekarpenak egiteko, baina soilik EAJk aurkeztu ditu proposamenak. Egindako ekarpenak aurrekontuan islatuak daudela uste dugu”. Zentzu horretan, Ezpeletak adierazi du esperantza duela akordio batera heltzeko, hemendik eta aurrekontua onartu bitartean osoko bilkuran.

Legegintzaldi planarekin bat

Udal Gobernuak espero du legegintzaldi plana urtarrilerako amaituta izatea. Zentzu horretan, aurrekontuko proiektu guztiak «legegintzaldi planaren oinarri izatea nahi da, etorriko diren proiektuen lehen urratsa, alegia». «Aurreikusita genuen legegintzaldi plana moldatu behar izan dugu. Izan ere, udalean aurkitu dugun egoera ez da izan espero genuena; uste genuen proiektu batzuk garatuta zeudela, eta ez da hala izan. Kirolean, esaterako, ez zegoen Iturripeko proiektua egina”, amaitu du udal gobernuak.