Arrasateko Udalak 725.424 euro bideratuko du 2021ean herriko eragileentzako dirulaguntzetarako

2021/03/23
Card image cap
Eskaerak apirilean aurkeztu daitezke arrasate.eus-en eta BAZen, Biztanleen Arreta Zerbitzua.

Arrasateko Udalak dirulaguntza lerro batzuk eskaintzen ditu urtero helburu bat baino gehiagorekin edo helburu askorekin. Ildo horretan, berriki 2021eko laguntza programen deialdi orokorra onartu du, guztiak publikotasun, gardentasun, objetibotasun, berdintasun, diskriminazio eza, baliabide publikoen efikazia eta eraginkortasunaren printzipioei jarraituz. Udalak nabarmendu du “oso garrantzitsua dela herriko eragileek egiten duten lana, eta ezinbesteko dela administrazioak horiek babestea eta haien lana sustatzea. Funts hori dute udalaren laguntza lerro hauek”.

2020ko dirulaguntza deialdian 284 egitasmo subentzionatu ziren, 186 norbanako onuradun eta 98 elkarte: Euskara (102), Gizarte Zerbitzuak (65), Gazteria (44) eta Enpleguaren (32) alorreko elkarte eta proiektuek jaso zuten dirulaguntza gehien, hurrenez hurren.

2021ean, udalak guztira 725.424 euro bideratuko du herriko eragileentzako dirulaguntzetarako. Eskaerak apirilean aurkeztu daitezke arrasate.eus-en eta BAZ Biztanleen Arreta Zerbitzuan.

Diru laguntza guztiak, sailka banatuta, hemen kontsultatu ditzakezu.

Informazio gehiago eskuratu daiteke 943 25 20 00 telefonora deituta.