81 milioiko aurrekontu proiektua aurkeztu du Udal Gobernuak 2026rako: “Arrasate eraldatzeko urte erabakigarria”
2025/11/07
Arrasateko Udal Gobernuak 2026ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua aurkeztu du, “azken urteetan egindako proiekturik ausartenetako bat” azaldu du Maider Morras Azpiazu alkateak. “Ez da izapide administratibo hutsa, ezta diru-sarreren eta gastuen zerrenda soil bat ere: herriaren etorkizuna eraldatzeko eta herritarren beharrei modu errealistan eta konprometituan erantzuteko tresna da, eta helburu horrekin diseinatu dugu”.
Alkateak azpimarratu duenez, “programa argi batekin hartu genuen ardura, gure udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta Arrasate jasangarriago, inklusiboago eta modernoago bat eraikitzeko”. Aurrekontu-proiektu hau, beraz, “planifikazio eta lankidetza prozesu luze baten emaitza da, udal-teknikariekin, sail ezberdinekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean egindakoa”.
2026, proiektuak gauzatzeko urte erabakigarria
2026ko aurrekontu hauek, “gauzatze fase erabakigarri baten hasiera” markatzen du: bi urtetako aurre-lanketa eta proiektuen diseinu lanen ondoren, “orain proiektu hauek gauzatzeko unea iritsi da, errealitate bilakatzeko”. Gobernu taldearen hitzetan, “aurrekontu ausarta beharrezkoa da, gure aurrean ditugun erronkak handiak direlako: azpiegiturak hobetzea, gizarte-arreta indartzea, tokiko jarduera ekonomikoa biziberritzea eta administrazioa modernizatzea”.
Aurrekontu hau herritarren ongizatean eta gizarte-inbertsioan oinarritzen da, eta haren helburua da euro bakoitzak arrasatearren bizitzan hobekuntzak ekartzea. Udalak zorpetzea aurreikusten du hainbat proiektu finantzatzeko, baina alkatearen esanetan, “zorra ez da zama, baizik eta aurrerabiderako tresna bat; gure komunitatean inbertitzeko tresna finantzario bat”.
Hirigintza, mantentzea eta herri garapenera bideratutako inbertsioak
Hirigintza ikuspegitik, Arrasatek jauzi kualitatibo bat emango du 2026an hasiko diren proiektuekin. Inbertsio handiena Iturripe berriaren kiroldegi eta auzune berria egitean joango da. Baina badira herriko auzo ezberdinetan burutuko diren berrurbanizazio edo irisgarritasun obrak, “bizi kalitatea hobetu eta azpiegiturak modernizatzeko”.
-
Iturripe berria - kiroldegia eta aisialdi gune berriak egitea: 31.200.000 €
-
San Juan taldearen berrurbanizazioa: 1.790.000 €
-
Gorostiza auzoko igogailu berriak egitea: €1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Udala Auzoa urbanizatzea: €1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Kirol saileko hainbat inbertsio (horien artean: mojategi teilatua berritzea, gimnasioetako makina berriak erostea, kale-ekipamendua, igerilekuko teilatua konpondu…): 285.000€
-
Kulturateko klimatizazio sistema konpondu eta berritzea: 100.000€
-
Makatzenako estalpea konpontzea: 63.400€
-
Emakume Txokoaren leku aldatzea: 30.000€
Zaintza eta garapen komunitarioa bermatzeko politikak
2026ko aurrekontuak ongizate-politiketan jartzen du indar berezia. “Zenbaki kuantitatiboetan baino, eduki kualitatiboak dira honen erakusgarri” azaldu du alkateak.
Berrikuntza nabarmenena lan ildo honetan La Merced ikastetxea erosteko partida da. 3 milioi euroko partida bideratuko du Arrasateko Udalak eraikina erostera, “negoziaketa lanetan ari gara, baina espero dugu datozen hilabeteetan akordioa erabat itxita egotea” azaldu dute. Behin ondasuna bereganatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak zuzkidura etxebizitzak egin ahal izatea izango da helburua, bai gazteentzat zein nagusientzat. “Dagoeneko negoziaketa prozesuan gaude bi erakundeekin, eta elkarlanerako ateak zabalik daude. Proiektuan aurrera urratsak emateko ezinbesteko baldintza zen eraikina Udalak bereganatzea, eta hemendik aurrera proiektuaren definizioan jarraituko dugu. Espero dugu datozen urteetan emaitzak ikusten hastea eta, modu honetan, etxebizitza eta zaintza beharrei erantzuna ematen hastea” azaldu du Maider Morrasek.
Garapen komunitariorako aurrekontu handia bideratuko da:
-
La Merced ikastetxearen erosketa: 3.050.000 €
-
Iturbide egoitzako aurrealdearen berritzea: 139.705 €
-
Txikitxokoaren handitzea: 146.000 €
-
Gizarte Zerbitzuetako bulegoak handitzea: €1 (Gerakinarekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 465.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Santa Marina auzoko liburutegia berritu eta handitzea: €1 (Gerakinarekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 400.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Osasun Mentalaren plan estrategikoa garatzea: 18.000€
-
Uribe-Erguin, Musakola eta Santa Marinako jubilatu etxeetako altzariak berritzea: 70.000€
-
Larrialdietarako etxebizitza berria egokitzea, eta, honela, parkea handitzea: 35.000€
-
Monterron jauregiaren etorkizuna definitzeko prozesua: 18.150€
-
LGTBIQ+ lan ildoa garatzea: 25.000€
-
Jaietako gastuak: 410.000€
Trantsizio ekologikoa eta jasangarritasuna
Trantsizio ekologikoan urrats berriak emateko apustua egin du gobernuak 2026ko aurrekontuetan. Bidegorri sarearen hedapena bermatzeaz gain, bizikletentzako aparkaleku berriak ere aurreikusten ditu, “bizikleta erabiltzeko erraztasun guztiak eskaini nahi ditugu, erosotasunez mugitzeko” azaldu dute.
Bestetik, inbertsio handiena ur sarearen bypass berriak eramango du. 2022an izandako matxuraren ostean, pasa den urtean idatzi zuen Udalak bypass berria egiteko proiektua. “Modu honetan, Arrasaterako ur saneamendua bermatuta egongo da honelako arriskuen aurrean, eta Zalduspetik Asuelara dagoen behin behineko bypassa kenduko da” azaldu du Ezpeletak.
Hemen trantsizio ekologikoa eta jasangarritasunari lotutako partidak:
-
Bidegorri sarea handitzen jarraitzea: 300.000 €
-
Bizikleten aparkaleku berriak: 80.000 €
-
Hirigintza taktikoa: 150.000 €
-
Bi karga elektriko kotxeentzako: 25.000 €
-
Ur kontagailuen digitalizazioaren azken fasea: 683.000 €
-
Ur sarearen bypass berria egitea: € 1 (Gerakinekin finantzatuko da 2026ko 2. seihilekoan, eta 2,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Elikadura mahaiaren dinamizazioa eta azokaren definizioa: 19.000 €
-
Hondakinen bilketa eta tratamendua: 2.592.216 €
-
Kale garbiketa zerbitzua: 2.232.450 €
-
Parke eta lorategien mantentzea: 1.027.505 €
Finantzaketa arduratsua
Aurrekontuaren inbertsio nagusien zati bat zorpetzearen bidez finantzatuko da. Udalak 37 milioi euroko mailegu-eskaera aurreikusten du, nahiz eta benetako beharra 30 milioi euro ingurukoa izango dela espero den, “aurreikusten baita exekuzio obrak hasierako kopuruak baino txikiagoak izango direla” azaldu du Ezpeletak. Udalaren egoera ekonomikoa “osasuntsua eta egonkorra” dela azpimarratu du gobernuak, eta zorpetzea inbertsio produktibo eta sozialetarako bide gisa ulertzen dela.
Bestalde, “zuhurtziaz” egindako aurrekontuak direla azpimarratu du Ezpeletak. “Ez ditugu diru sarrerak puztu, zuhur jokatu dugu aurreikuspenak egiterakoan. Agian bestelako diru iturri berriak agertu daitezke, diru laguntzen bitartez. Kasu horietan, zorpetzea txikitzeko baliatuko genuke”. Gaineratu dute, udal zerga eta tasetan inflazioaren araberako igoera txikiak ezarri izanak eskaintzen diola orain Udalari “proposatzen ari garen proiektuak gauzatzea, bestela, zorpetze handiagoa egongo litzateke, edo txarragoa litzatekeena, proiektuak bertan behera uztea”; izan ere, 2 milioi euroko finantziazio iturria baita aipatutakoa.
5 proiektu gerakinarekin finantzatzeko bigarren seihilekoan
2026 urtearen bigarren seihilekoan finantzatu eta martxan jartze aurreikusten diren partida batzuk daude aurrekontu proiektuan. Hauek euro bateko partida dute, eta, gobernuaren esanetan, “asmoa da gerakinarekin finantzatzea”. Inbertsio hauek 6,5 milioi euroko kostua izatea aurreikusten du Gobernuak. Horien artean daude:
-
Santa Marina auzoko liburutegia handitzea (400.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Gizarte Zerbitzuetako bulegoak handitzea (465.000€ inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Ur sarearen bypassa (2,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Gorostizako igogailua (2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
-
Udala auzoko urbanizazio lanak (1,2 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusten da)
Negoziaketa prozesua abian, abenduak 9ra bitarte
Udal Gobernuak atzo aurkeztu zuen aurrekontu proiektua Ogasun Batzordean, eta, behin hau aurkeztuta, negoziaketa prozesua irekitzen da. Aurreikuspena da abenduaren 9ko Osoko Bilkuran 2026rako aurrekontuak onartzea, “modu horretan bermatuko baita gabonetako oporren ostean indarrean izatea aurrekontuak” azaldu du Ezpeletak.
“Uste dugu oposizioko alderdiek bat egiteko aurrekontuak direla, denok defenda dezakegun aurrekontuak dira, Arrasaterentzat estrategikoak diren proiektu eta azpiegiturak daude bertan” amaitu du Ogasun zinegotziak.