858 esku-hartze burutu eta 79 salaketa jaso ditu Udaltzaingoak 2019ko azken hiru-hilekoan

2020/01/21
Card image cap
Arrasaten datozen hilabeteetan argia ikusiko dute Ertzaintzarekin itxiko den kolaborazio akordioa, Arrasateko I Segurtasun Plana abian jartzea, edota Udaltzaingoaren plantila 6 lanpostu berrirekin osatzeko Lanpostu Eskaintza Publikoa gauzatzea, besteak beste.

Arrasateko Udalak Udaltzaingoak azken hiru-hilabetean, 2019ko urritik abendura bitarte, egindako esku-hartzeen berri eman du. Prentsa agerraldia Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Zandino Udaltzainburuak eskaini dute.

Guztira 858 esku-hartze burutu dituzte udaltzainek hiru-hilabeteko epean. “Udaltzaingoarenpean dauden ardurak ugariak eta oso anitzak dira -azaldu du Ubarretxenak-; trafikoa, segurtasuna, lan administratiboak, gainerako erakundeekin kolaborazio lana, epaitegiak… Arrasatearren ongizatea, bizi-kalitatea eta segurtasuna bermatzeko Udaltzaingoa ezinbesteko da” azpimarratu du.

Arrasateko Udaltzaingoaren lan taldeak, azken hiruhilekoan, guztira 79 salaketa jaso eta 858 esku-hartze egin ditu. Salaketen kasuan, ondareari edo sozio-ekonomiari loturiko ebazpenak izan dira gehienak (41): lapurretak 4 eta kalte materialak 25, erasoa 1, droga trafikoagatik 3 eta alkohola eta drogak kontsumituta gidatzeagatik 8.

Esku-hartzeei dagokienez, esan bezala, urria, azaroa eta abendua bitartean 858 zenbatu ditu udaltzaingoak. Horietatik 269 arlo administratiboari loturikoak izan dira, hala nola, animaliei, zaratei, alarmei, dokumentu galerei, edota erorketei loturikoak. Beste 219 segurtasun arlokoak izan dira eta kasu honetan liskarrak, matxurak edota kalte materialak nagusitu dira. Trafikoan, aldiz, guztira 151 esku-hartze egin ditu udaltzaingoak, horietatik 16 zauriturik gabeko istripuei dagozkionak eta 3 (azaroan hirurak) biktimadunei. Harrapaketak hiru izan dira: urrian bat Elkano kalean eta azaroan bi Arrasate pasealekuan eta Martxoak 8 kalean.

Horiez gain, bestelako esku-hartzeak ere egin ditu, hala nola epaitegiko eginbeharrak, herritarraren laguntzari dagozkionak 105, hala nola biboteen kudeaketa, informazio ematea eta kexak, edota Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak, azken horiek 26. Ubarretxenak nabarmendu du erakunde ezberdinen artean dagoen kolaborazio eta koordinazio “estua eta eraginkorra”.

Udalak Udaltzaingoak burutzen duen lana eskertu eta jarri du balioan: “segurtasuna Udal honen ardura nagusienetako bat da, Arrasate atsegin seguru eta garatu bat baitugu jomuga”. Bide horretan, aurreratu ditu datozen hilabeteetan argia ikusiko duten hainbat jarduketa, hala nola: Ertzaintzarekin itxiko den kolaborazio akordioa, Arrasateko I Segurtasun Plana abian jartzea, edota Udaltzaingoaren plantila 6 lanpostu berrirekin osatzeko Lanpostu Eskaintza Publikoa.

Arrasateko I Segurtasun Plana gauzatzeko lehen urratsak ematen hasi da Udala

“Lehentasun nagusia da Udal Gobernuarentzat arrasatearren ongizatea eta segurtasuna bermatzea. Gaur egun lan asko egiten da eta Arrasate herri segurua izan dadin” adierazi du alkateak.

Bide honetan datozen hilabeteetan argia ikusiko du Ertzaintzarekin itxiko den kolaborazio akordioak, helburu duena Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlana are gehiago indartzea.

Gainera, lan ildo hau jarraituta Segurtasun Plan berri bat jarri nahi du abian Udal Gobernuak, izan ere, baliabideen kudeaketa eraginkorra burutzea eta kasu ezberdinei erantzun koordinatu eta berezitua ematea ezinbestekoa da. Segurtasun Planak erakunde ezberdinen koordinazioa hobetu nahi du eta baita herriko hainbat eragileekin aliantzak sortu. Horretarako, aurreratu dute, Segurtasun Plan berria herriko eragile ezberdinekin landu nahi dutela, hala nola, merkatariak, ikastetxeak, jubilatu elkarteak, etab, izan ere, esku-hartze komunitario bat abian jartzea izango da helburuetako bat. 

Gaineratu duenez, Udal Gobernuaren nahia da plana 2020 urtean zehar egikaritzea.

6 udaltzain lanposturen oposaketan izen emateko epea zabalik otsailaren 5era bitarte

Arrasateko Udalak 6 udaltzain postu oposaketa-lehiaketa libre bidez hornitzeko deialdia burutu du. Otsailaren 5era bitarte eman daiteke izena bertan parte hartzeko. Karrerako funtzionario plazak dira.

Hautaketa prozesuaren inguruko informazio guztia web orrialdearen lan eskaintzen atalean kontsulta daiteke.