90 jarduera baino gehiagok osatzen dute 2025eko San Joan jaietako egitaraua
2025/06/04
2025eko San Juan jaien egitaraua aurkeztu dute gaur herriko hainbat taldek, kultur eragilek eta Arrasateko Udalak. Ekainaren 13tik hasi eta hilaren 26ra bitarteko egitaraua izango da aurten.
Antolatu diren jardueretan , denetariko aukerak aurkitu daitezke: dantza, musika, antzerkia, jolasak, diskofestak, bazkariak eta janari dastaketak… Ohiko bilakatu direnen artean daude, besteak beste, entzierroak, kantu afaria, Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua, ‘Zeuk iñ zeuk jan’, gazte bazkaria, makalaren igoera, Eguzkilaru, edota 80 urtetik gorakoei omenaldia egitea.
“Programazio hau osatzea ezinezkoa litzateke eragile ezberdinen parte hartzerik gabe. Arrasateko Udalaren izenean gure eskerrik beroenak San Juanetako mahaiko parte diren eragile sozial eta kulturalei, horietako batzuk gaur hemen ordezkatuta daude” adierazi du Andoni Arratibel Kultura zinegotziak.
Hainbat berrikuntza, jaietako esperientzia hobetzeko
Badira aurten nabarmentzekoak diren hainbat berrikuntza txiki. Horien artean daude Bertso Saioaren lekualdatzea, Zeuk Iñ Zeuk Jan musikaz girotua egongo dela, mariatxien kalejira edota zapi berri gehiago izango direla.
- Bertso Saio Musikatua antolatu dute aurtengoan ere AEDk eta EKIN Emakumeak elkarteek ekainaren 25 eguerdirako. Lokalizazio berria izango du bertso saioak aurten, Arotz plazan (Irati taberna ondoko plaza).
- Egun berean izan ohi da Zeuk Iñ Zeuk Jan ekimen popularra. Pasa den urtean portaloira itzuli zen, eta bertan egonkortuko da bigarren urtez. Berrikuntza nabarmenbena, baina, bazkaria musikaz girotua izango dela jakinarazi dute. Bertan bilduko diren 1000 pertsonak entretenitzeko ardura izango dute Etxebarria Aita Semeak.
- 25 arratsaldean dator eguneko azken berrikuntza, izan ere, aurten, Mariatxien kalejira antolatu du Udalak herriko kaleetan zehar 20:00etan hasita, eta 22:30ean Herriko Plazako oholtzara igoko dira kontzertua eskaintzeko. Estampas de Mexico taldearen eskutik.
- Zapi gehiago aterako ditu udalak aurten. Aurreko urtean 500 gehiago iragarri ostean, aurten beste 500 gehiago aterako dituela iragarri du, 2.500 zapi guztira. “Arrasatearrak zapi morea eramateko ohitura eta nahia erakusten dute, horren adierazle da egun gutxitan agortzen direla. Horregatik, aurten tirada berria gehitu dugu” azaldu du Andoni Arratibel zinegotiak.
Aipamen berezia egin die Arratibelek Gazte Olinpiadako gazteei eta Erraldoi eta Kilikien konpartsari. “Bigarren urtez ospatuko dituzte Gazte Olinpiadak 866 gazteren parte hartzearekin 56 kuadrillatan, pasa den urtean baino 200 pertsona gehiago. Zorionak ematea Arrasateko gazte kuadrila guztiei antolatutako ekimen handi honengatik. Herri ekimen itzela izaten ari da. Eta bestetik, Zorionak ere Erraldoi eta Kilikien Konpartsari aurten 40 urte betetzen dituztelako”
Haurrentzako egitarau osatua
Ekintzez beteta dator haurrentzako egitaraua San Juan jai hauetan.
- Ekainaren 14an haurren danborradarekin emango diote hasiera egitarauari etxeko txikienek.
- Ekainaren 15ean, domeka, “Arrasateko Dantzari Eguna” ospatuko dute. 10etan Zaldibarren hasita, dantza erakustaldia egingo dute kaleetan zehar, Herriko Plazara heldu arte. Eguna amaitzeko, diskofesta izango da plazan NEMUX taldearekin.
- Ekainaren 22an Erraldoi eta Kilikien Kontzentrazioa egingo dute Arrasaten Euskal Herri osotik etorritako konpartsek. Arrasateko Konpartsak 40 urte betetzen dituen honetan, Destutik, Txantreatik, Bermeotik eta Aretxabaletatik etorriko dira Arrasatera herriko herraldoi eta kilikiekin dantzatzera. Hitzordu honetan Txantrea, Iruñea, Bizkaia, Gares, Elgoibar, Gasteiz eta Arrasateko gaiteroa ere elkartuko dira.
- Bigarren urtez jarraian puzgarriak izango dira dohan herriko ume eta gaztetxoentzat. Modu honetan, barraken hutsunea betetzea nahi du Udalak. “Horregatik, ekainaren 23an eta 24an, goizean 12:00-14:00 eta arratsaldez 16:00-19:00, puzgarriak izango dira Biteri plazan. Ekainaren 24ko puzgarriak, eguraldi onarekin, ur jolasak izango dira.
- Ekainaren 25ean haurren eta gaztetxoen festa eguna ospatuko da, eta, ondorioz, egun osoan zehar izango dituzte jolaserako hamaika aukera. Besteak beste jolas parkeak izango dira Seber Altuben eta Monterronen, tirolinarekin, eta apar festa eguerdian; guzti hau Eguzkilaruren parte hartzearekin. Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da Monterronen.
Denetariko kontzertuak
Hiru gune nagusi izango dira kontzertuentzat, Txosnagusea, Herriko Plaza eta Monterron parkea:
- Ekainaren 21ean, txosnetan izango dira Sukena eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak 22:00etan hasita.
- Ekainaren 22 ilunkaran, 19:30 hasita, 112 eta No Limits taldeek joko dute Txosnetan.
- Ekainaren 23an Ahantzi taldearen erromeria izango da Txosnetan.
- Ekainaren 24an Arrasasate Musikaleko Bandak ohiko kontzertua eskainiko du 13:00etan Monterron parkean. 23:15ean El Drogasek kontzertua eskainiko du Monterronen, eta, ordu berean, OXABIrekin dantzaldia izango da Herriko plazan.
- Ekainaren 25ean, txosnagunean, 22:00etatik aurrera, Perlata, Biznaga eta Les Testarudez taldeak izango dira. Eta, bestetik, 22:30etan Estampas de Mexico taldearean mariatxi kontzertua izango da Herriko Plazan.
- Amaitzeko, ekainaren 26an, 20:00etan hasita, Janus Lasterrek kontzertua izango da Herriko Plazan.
Izen-emateak eta zozketak
Aurten ere hainbat izen-emate eta zozketa abiaraziko dira jaietako jarduera ezberdinetan parte hartzeko. Izen emate guztiak izenemateak.arrasate.eus webgunean edo BAZen egin beharko dira. Izen emate guztiak bihar irekiko dira, ekainak 5. Bakoitzak jarraibide propioak izango ditu:
- Udaletxeko balkoien zozketa
Aurten ere, haurren danborrada, nagusien danborrada eta Errementari Dantza Udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango da. Horretarako, zozketan izena eman beharko da ekainaren 5etik 10era, biak barne. Zozketa ekainaren 12an izango da. - 80 urtetik gorakoen omenaldirako izen-ematea
80 urtetik gorako pertsonei urtero egiten zaien omenaldia ekainaren 24an izango da, eta honetan izena emateko aukera bihar hasiko da (ekainak 5) eta datorren ekainaren 14ra arte luzatuko da, biak barne. - Kantu afarirako izen-ematea
Aurten kantu afaria ekainaren 20an izango da. Bigarren urtez izen emate sistema egongo da. Prozedura ‘Zeuk iñ zeuk jan’-en erabiltzen den berdina izango da, izena eman ahala betetzen joango da. Guztira 425 pertsonentzako lekua egongo da. Izen emateak ekainaren 5etik 10era bitartean izango dira; behin epea itxia dagoela lekuak geratuko balira, berriz ere irekiko litzateke izena emateko aukera. - ‘Zeuk iñ zeuk jan’ izen-ematea
Tradizio bilakatu den bazkari autogestionatu honetan izena emateko epea ekainaren 5tik 10era izango da; behin epea itxia dagoela lekuak geratuko balira, berriz ere irekiko litzateke izena emateko aukera. Eguraldi onarekin Portaloian izango da, eta eguraldi txarra egin ezkero Biteriko aterpea probestuko da. 1000 lagunentzat lekua egongo da. - Dragoi Jana izango da ekainaren 22an AEDk eta AEKk antolatuta. Txartelak asteburu honetan jarriko dira salgai Monte eta Irati tabernetan, edota AED edo AEKren egoitzetan.
Kartela Izaro Sanchezen eskutik eta egitarau digitala
Izaro Sanchez aretxabaltarrak irabazi du San Joanetako kartel lehiaketa, “Sua udan berua” izena daraman kartelarekin. Bertan herriko eta jaietako hainbat irudi ageri dira kolore biziez lagunduta.
Datorren astean etxeetara banatuko den egitaraua, dagoeneko eskuragarri dago formatu digitalean: deskargatu hemen
Aurrekontua
2025eko San Juan jaietarako aurrekontua 291.309 eurokoa izango da. Aurreko urtearekin alderatuta 7.160 euro inguruko igoera izan du, %2,5eko igoera gutxi gora behera.