Abenduaren 4tik aurrera Arrasateko Txikitxokoa zabalik

2018/12/04
Iaz burututako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan bozka gehien jaso zituen proiektua gauzatzeko konpromisoa bete du Arrasateko Udalak

Iaz burutu zen aurrekontu parte hartzaileen prozesuan bozka gehien jaso zituen proposamena izan zen txikitxokoa eta Arrasateko Udalak proiektu hori gauzatzeko konpromisoa bete du. Txikitxokoa, haur txikiak dituzten familiei zuzendutako aisialdi gune bat da, haurrak gurasoekin batera jolasteko gune bat. Printzipioz, 0-6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei irekita dago eta abenduaren 4tik aurrera egongo da zabalik.

 

Txikitxokoa martxan jartzeko, lokal bat egokitu du Udalak Maalako Errebala kalean, Okendo Jauregiaren beheko solairuan eta hurrengo asteartetik aurrera egunero irekita egongo da, goiz eta arratsaldez, 9:00tik 14:00ra eta 16:00tik 20:00ra. Jolasteko gune bat izateaz gain, edoskitzeko espazio egoki bat ere izan daiteke, baita gurasoen arteko harremanak eta elkartrukea sustatzeko ere.

 

Gurasoak izango dira txikitxokoaren funtzionamendu egokirako gakoa, eurak izango baitira elkarbizitza zainduko dutenak. Udala arduratuko da lokala ireki eta ixteaz, mantentze eta garbiketaz, baina lokalean bertan ez da langilerik izango.

 

Arauak:

 

  • Erabiltzaileak: 0-6 urte bitarteko haurrak, beti ere heldu baten laguntzaz.
  • Gunea garbi mantentzearen ardura erabiltzaileoi dagokigu.
  • Joan aurretik dena txukun utziko dugu.

 

Balioak

 

Txikitxokoak, haur txikiak dituzten familiei aisialdirako aukera bat emateaz gain, bereziki eguraldi txarra denean oso baliagarria izango dena, balio batzuk sustatzea ere badu helburu.

 

  • EUSKARA eta euskal kultura.
  • INKLUSIBITATEA: ezberdina izateko eskubidea errespetatuz, kultura, adina, ezaugarriak, sexua eta jatorria edozein izanda ere.
  • GURASO ETA HAURREN INPLIKAZIOA ETA PARTE-HARTZEA funtzionamenduaren oinarrizko zutabeak izango dira eta gune honetan gauzatuko den egitarauaren sustatzaileak.
  • ELKARREKINTZA: haur eta gurasoek elkarrekin konpartitzeko gunea da, aisialdia elkarrekin gozatzeko.
  • Elkarbizitza, errespetua, elkartasuna, erantzukizuna eta justizia soziala bezalako BALORE POSITIBOAK sustatuko ditugu denon artean.

 

Arrasateko Udalak esperientzia berria den txikitxokoa hobetu nahi du egunetik egunera eta horretarako herritarren iritziak ezinbesteko ditu. Horregatik, gazteria@arrasate.eus posta elektronikoan zerbitzuaren inguruko proposamenak, iradokizunak, komentarioak, e.a. egiteko gonbidapena luzatzen die erabiltzaileei.