Abenduaren 4tik aurrera, TAO sistema berria indarrean jarriko da bi hilabetez, probaldian

2021/12/02
Udalaren helburua da herritarrek OTA sistema berria ezagutzea. Ez da isunik jarriko, bakarrik abisuak eta gomendioak egingo dira

Zapatu honetan, abenduak 4, martxan jarriko da TAO sistema berria. Hori bai, probaldian jarriko da indarrean, bi hilabetez. Udalaren helburua da herritarrek OTA sistema berria ezagutzea, bere egitea, aparkaleku motak lokalizatzea beren ohiko eremuetan… azken batean, sentsibilizatzea. Hori jomuga, ez da isunik jarriko, bakarrik abisuak eta gomendioak egingo dira.

OTA makina guztiak operatibo jarriko dira, berriro ere, abenduaren 4an, herritarrentzat beharrezko informazio eta argibide guztiekin. Otero zerbitzua ere zapatu honetan jarriko da abian, horiek ere herritarrei laguntzeko eta argibideak emateko.

Egun bat lehenago martxan jarriko da aparkatzea baimenduko duen app-a: arinpark. Helburu nagusiena da erabiltzaileei guztia ahalik eta errazen jartzea. ‘Arinpark’ aplikazio berri horrekin, erabiltzaileak makinara hurreratu barik ordaindu dezake, eta gero, epea igarotzen denean, luzatu egin ahal izango du egon dagoen tokitik. Gainera, ez da beharrezkoa tiketa edo agiria autoan uztea. Aplikazioa prestatuta dago Android, IOS eta Windows Phone mugikorretan erabili ahal izateko.

Udalak berretsi du probaldia ere baliatuko dela sisteman beharrezkoak diren doikuntzak eta egokitzapenak egiteko, izan ere TAO sistema tresna bizia da, zeinak gure herriko trafiko fluxua baretuko baitu eta herri atseginagoa ekarriko baitigu. Ildo beretik, hainbat eskaera jaso dugu, TAOtik kanpo geratu diren hainbat kale eta auzotako bizilagunek eginak, beren kaleetan ere TAO ezartzeko, eta eskaera horiek guztiak aztertuko dira, sisteman dagokion egokitzapenak egiteko.

Udaletik gogoratzen da 2 gune egokitu direla DOAN aparkatzeko, 3. BUS linea azkarrarekin lotuta: Arruenan eta Etxagibel Notarioa kalean.

1.500 bertako txartel tramitatu dira

Udalak urriaren 4an aukera eman zuen TAO bertako txartelak ateratzeko, eta honezkero 1.500 bertako txartel baino gehiago tramitatu dira. Aukerak zabalik jarraitzen du Olarte kaleko 16an, TAO bulegoan.

Herritarrekin bat osatutako sistema

2020ko urtarrilean partaidetza prozesu zabal bat jarri zen abian, herritarrekin TAO sistema modu partekatuan lantzeko. Aldez aurretik, Arrasateko egoeraren diagnostikoa egin zen, bai trafikoarena, bai dauden aparkalekuena, eta TAOren hasierako proposamena egin zen, partaidetza prozesuaren oinarri gisa erabili zena. Parte hartzeko bideak ireki ziren herritarrei informazioa bideratzeko eta emateko, bai eta iritziak eta eskariak jasotzeko ere (sare sozialak, online bideak, postontzi fisikoak). Prozesua amaitu zen eztabaida eta hausnarketa kolektiborako aurrez aurreko jardunaldi ireki batzuekin.

Guztira, 600 ekarpen baino gehiago jaso dira prozesua martxan egon den 2 urtean, gure udalerrian autoen fluxua murriztuz mugikortasun eredu jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eraikitzeko.

TAO bulegoa

TAOren informazio bulegoa Olarte kaleko 16an dago. Kontsultak telefonoz (943 10 10 06) ere egin ahal izango dira.