Abian da “Begirada aktiboa” ekimena, Arrasateko pertsona helduen artean bakardade eta babesgabetasun egoerak identifikatzeko programa berria

2019/11/14
Card image cap
Boluntariotzan oinarritutako ekimen honek helburu du pertsona helduen artean bakardade egoerak ahalik eta azkarren hautematea, horiei irtenbidea emateko eta etorkizunera begira aurre hartzeko

Egungo gizartearen zahartzea errealitate bat da dagoeneko eta bilakaera horretan, gero eta pertsona heldu gehiago bizi dira bakarrik. Arrasaten, esaterako, Udaleko Gizarte Zerbitzu sailak 2018an landutako azken memoriari erreparatuz, herritarren %24.4a (5.400 pertsona) 65 urtetik gorakoa da eta horietatik %32k 80 urte baino gehiago dituzte.

Egoera horren aurrean, Arrasateko Udalak eta SSI Taldeak (Grupo de Servicios Sociales Integrados S.Coop.) “Begirada aktiboa” ekimena garatu dute elkarlanean. Aipatu ekimenak boluntariotza lanean du oinarria eta helburu nagusia da pertsona helduen artean bakardade edo babesgabetasun egoerak identifikatu eta horiei erantzuna ematea edota etorkizunera begira aurre hartzeko urratsak egitea.

Horretarako Udalak herriko jubilatuen, pentsiodunen edota pertsona helduen elkarteekin, erakundeekin, taldeekin zein plataformekin lankidetzan aritzea du helburu, guztien artean, bakardade egoerak ahalik eta azkarren identifikatzeko, horien berri gizarte zerbitzuetan emateko eta azkenik, beharrezkoa den kasuetan, egoera horiei aurre egiteko dauden errekurtsoak beharra dutenen eskura jartzeko.

Helduen Sare Aktiboa: informazioa bideratuko duten antenak

“Begirada Aktiboa” ekimena “Helduen Sare Aktiboa”-ren sorrera eta abiaraztearekin batera sortu zen. Bide horretan, ezinbestekoa izan zen eta gaur egun oraindik da herriko jubilatuen, pentsiodunen edota pertsona helduen elkarteen, erakundeen, taldeen zein plataformen parte hartzea, kolektibo horiek guztietatik lagun ugari aurkeztu baitira erreferentziazko pertsona gisa prestatzeko boluntario bezala.

Horiek horrela, joan den azaroaren 6an, informazio bilera egin zen herriko jubilatu eta pentsiodunen lau elkarteekin, Caritasekin, Arrasateko helduen Kontseiluarekin, Sasoibide taldearekin (ibilbide osasuntsuak programa), Goienagusi elkartearekin (eskualdeko nagusien formakuntza iraunkorra) eta pentsio duinen aldeko Duintasuna Plataforma-rekin.

Saio horretan proiektuaren inguruko informazioa helarazi zitzaien guztiei. Behin ekimenaren nondik-norakoak azalduta, talde bakoitzak bi “gizarte antena” identifikatu ditu, bakardade egoera horiek hautemateko erreferentziazko pertsona gisa.

“Gizarte antena” horiek formazio ikastaroa jasotzen ari dira orain eta amaitutakoan, beraiek izango dira ekimena talde barruan ikusarazi eta ezagutzera ematearen arduradun. Horrez gain, “gizarte antena” horiek erreferentziazko pertsona gisa lan egingo dute eta beraiek emango diete Gizarte Zerbitzuei identifikatutako bakardade edota bestelako arrisku egoeren berri, beharrezkoak diren baliabideak martxan jar daitezen.

“Begirada aktiboa” ekimenak jarraipena izango du 2020an zehar eta urte erdialdera, betetze mailaren inguruko txostena osatzea aurreikusten da. Emaitza horiek, noski, proiektuan parte hartzen duten talde guztiekin partekatuko dira.