Abian da berriro sexologia zerbitzua

2020/11/26
Card image cap
Jendaurreko arretaz gain, programazio zabala prestatu da zerbitzua bera herritarrei helarazteko eta informazioa elkarbanatzeko: lehen ekitaldia abenduaren 4an izango da, GIBaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira

Abian da sexologia zerbitzua. Irailaz geroztik, berriro ere, sexologia alorreko aholkularitza eta informazioa eskaintzen ditu: besteak beste, aholkuak eta estrategiak ematen ditu harremanetan suertatu daitezkeen zailtasunei aurre egiteko, harremanak izateko zailtasunak gainditzeko, zeloak, ligatzeko zailtasunak, arazo afektiboak… lantzeko eta gainditzeko.

Arrasateko Sexologia Zerbitzua da zerbitzu publiko bat, udalak bultatzen duena, sexologia arloan, 1996 urteaz geroztik diharduena. 2021ean 25 urte beteko du.

Leire Gonzalez Gomez sexologoak artatzen ditu erabiltzaileak: “sexualitatea uste baino zabalagoa da: erlazioak, antisorgailuak, infekzioak, plazerrak, identitateak, desirak, gorputzak, emozioak… Saiatzen gara horiei guztiei erantzuten. Sexologia zerbitzua, oraindik orain, sexu harreman genitalekin lotzen du gure gizarteak. Gure asmoa da zabaltzea zerbitzu honen bidez beste hainbat kontu ere landu daitekeela. Harremanetan sortu daitezkeen arazoen edo zailtasunen aurrean kokatu, pentsatu eta aterabidea bilatzeko tresnak ere ematen dira zerbitzu honen bidez”, azaldu du.

Maitane Muñoz zinegotziak, besteak beste, “indarra egin nahi dugu harreman onen alde, eta Sexologia zerbitzuak aholkularitza eskaintzen du harreman on horiek lortzeko; edozeinek arazoak edo zailtasunak dituenean bizitzako etaparen batean, harremanen batean, edo harremanak izaterako garaian, autoestimua dela kasu... Zerbitzu honen helburua da baliabideak eta estrategiak eskaintzea horiei guztiei aurre egiteko. Zerbitzu pertsonalizatua da, bakoitzaren gatazkari edo zailtasunari egokitua. Profesionala eta konfidentziala”, gaineratu du.

Jendaurreko arreta eskaintzen da astelehenetan 10:00-13:00, eta ostegunetan 16:00-19:00; horretaz gain, kontsultak egin daitezke telefonoz, whatsapp-ez eta e-posta bidez: , edo telefonoz: 943 25 20 66 / 747 40 21 40.

Ekitaldia GIBaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira

Jendaurreko arretaz gain, programazio zabala prestatu du zerbitzua bera herritarrei helarazteko eta informazioa elkarbanatzeko. Horrela, Sexologia zerbitzua kalera irtengo da ikasturte osoan, sexualitatea hurbiltzera Arrasateko herritar guztiengana.

Hala nola, laster helduko da lehenengo ekitaldia, abenduaren 4an. GIBaren aurkako Nazioarteko Eguna abenduaren 1ean da, eta Arrasateko Sexologia zerbitzutik Biteri plazara aterako dira herritarrekin tailer batzuk gauzatzera. Horri esker, aukera egongo da efemeride horrekin lotuta dauden gaiez gehiago jakiteko. Lau tailer egongo dira eta infekzio, antisorgailu, GIBa eta plazerren gainean arituko dira. Zabalik egongo da goizean 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldean 16:00etatik 20:00ak arte, eta aforo muga izango du Covid-19a dela-eta, segurtasuna gordetze aldera.

Informazio gehiago hemen: www.arrasate.eus.