Abiatu dugu Mietzerreka auzoa nabarmen hobetuko duen proiektua

2015/02/05
Card image cap
Hainbeste urtetan auzo honi egindako kalteak zuzentzeko eta izan duen garapena aldatzeko hainbat jarduketa burutzen ari da Udala. Degradatuta dagoena berreskuratuko dugu eta jarduera desegokiak zuzentzeko bitartekoak jarriko dira

Ingurumen eta osasun ikuspegitik begiratuta, asko dugu Mietzerrekari itzultzeko. Izan ere, Arrasateko baserri auzo honek hamarkadetan jaso ditu kalteak zentzu horretan. Hona hemen adibide batzuk:  

  • Jadanik berreskuraturik dauden hainbat harrobiren jarduera.  
  • Montzon gainean hondakinez egindako betetzea.
  • Civasa bezalako enpresen jarduera.
  • Akeiko zabortegia eta bertan ezartzea ondoren errauskailua eta errautsen eta eskorien hondakindegia.
  • Hondakinen bilketarako kamioiak gordetzeko biltegia ere bertan dago.
  • Mietzerrekak ez dauka saneamendurik (kolektore falta, errege bidearen galera, e.a.)

Mietzerrekari hainbeste urtetan egindako kalteak zuzentzeko, eta horren eraginez Mietzerrekak duen egoera konpentsatzeko beharra agerikoa da, gure ustez. Eta horretarako hasi da  Arrasateko Udala zenbait ekintza burutzen.


Ondare historiko-kulturala

 

Gainera, baina bada beste faktore bat ere garrantzi handikoa, eta Udalak oso kontuan hartu duena auzo honetan egin beharreko hobekuntzak zehazterakoan. Mietzerrekaren ondare historiko-kulturala, hain zuzen.

Izan ere, Mietzerrekaren historia berreskuratuz eta ezagutuz goazen heinean, geroz eta nabarmenagoa da auzo honek kulturalki duen balioa zein ahaztuta izan dugun. Mietzerrekak ondare historiko-kultural izugarria du mehatzen eta burdinaren erabileraren inguruan. Arrasate herri bezala sortzera bultzatu zuten jarduerak izan ziren, hain zuzen ere.


Abian diren ekintzak

 

Aipatutako helburuak betetzeko asmoz, Arrasateko Udala ari da jadanik zenbait ekintza bultzatzen. Honakoak dira, labur azalduta:

AZPIEGITUREI DAGOKIENEZ

  • Akeiko zabortegiaren gaineko ardura Arrasateko eta Debagoieneko administrazioek dute egun.  Mankomunitatea bertara zaborra ekarri zuten beste herrietako  administrazioen inplikazioa ere lotu nahian dabil (Debabarrena e.a.) ardurak (ekonomikoak) banatzeko.
  • Mankomunitateari Mietzerrekako eraikinaren (hondakinen bilketako ibilgailuen kotxera da) erabilpen epea amaituko zaio 2018ko abenduaren 31ean. Asmoa da bertatik kotxera kendu eta nabea Arrasateko Udalaren eskuetan uztea.

AUZOKO SANEAMENDUARI DAGOKIONEZ

  • Saneamendua osatzeko kolektore zati berria sartuko da aurki Ugaldeazpi baserriaren  parean.
  • Udalak asmoa du aurten proiektu bat esleitzeko, Mietzerrekako baserrientzat eta etxebizitzentzat saneamendu sistema bat sortzeko aukera egokiena zein den aztertu dezan.

LUR ANTOLAMENDUARI ETA ERABILERARI DAGOKIONEZ:

  • Planeamendu berrian Udalak eremu horretako jarduera ekonomikoak garatzeko lur azalera murriztu egin du nabarmen; azalera murrizketa hori 23.733 m2-koa da. Halaber, eraikigarritasuna ere gutxitzea proposatu du.

NATUR ONDAREA ETA ONDARE HISTORIKO-KULTURALA BERRESKURATZEKO

  • Ugaldeazpi parean duela urte dezente egin zen operazio eztabaidagarri baten ondorioz galdutako Errege bidearen herri erabilpena berreskuratu egin da.  Aurki obra zibil bat burutuko da errege bidea herritarrek erabiltzeko moduan  ipintzeko. (Otsaila honetan bertan egitea aurreikusten da lan hori, eguraldiak laguntzen duenean hasiko dira).
  • San Baleixo baseliza gunean eta horren ondoan udalak erosi berri duen lursailean hainbat jarduketa aurreikusten ditu Udalak, beti Mietzerrekak dituen balore historiko, kultural eta naturalak indartzeko eta ezagutarazteko.