Adierazpen instituzionala: 90 urte betetzen direnean frankistek Debagoienean armaz sartu zirenetik.

2026/09/26
Debagoieneko Udal guztiek adostutako adierazpen instituzionala
Adierazpen instituzionala: 90 urte betetzen direnean frankistek Debagoienean armaz sartu zirenetik.

90 urte betetzen direnean frankistek Debagoienean armaz sartu zirenetik (Elgetan izan ezik), Udal honek gogora ekarri nahi du errepresio frankistak ez zituela soilik ehunka hildako eta fusilamenduak eragin, baizik eta giza eskubideen urraketa sistematikoa ere ekarri zuela.

Besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria, bortxaketak, umiliazio publikoak (ilea moztea eta errizino olioa hartzera behartzea), torturak, kartzela zigorrak, erbestea, behartutako lanak, langileen kaleratzeak, irakasleen depurazioa, ondasunen konfiskazioa eta isunak izan ziren. Hori guztia eskubide eta askatasun gabeziaren testuinguruan gertatu zen: euskara debekatua izan zen, Eusko Jaurlaritza erbesteratua, eta herritarrak etengabeko mehatxu eta irainen menpe egon ziren.

Gerraostea bereziki gogorra izan zen gizarte osoarentzat, eta are gehiago alargun eta umezurtz askorentzat. Errepublikan hasitako aurrerapenak, hala nola emakumeen eskubideetan eta hezkuntzan egindakoak, bertan behera geratu ziren diktadura luze eta errepresibo baten ondorioz.

Debagoienean milaka pertsona izan ziren errepresaliatuak. Gertaera hauek gure historiaren parte dira, nahiz eta diktadura frankistak eta ondorengo urteek isilarazi edo ukatu egin duten.

Gaur, 90 urte geroago, honako hau adierazi nahi dugu:

  • Oraindik ere oztopoak daude egia osoa ezagutzeko; artxibo polizial eta Guardia Zibilarenak itxita jarraitzen dute.

  • Hildako edo erresistentzian galdu ziren pertsona asko desagertuta daude oraindik, identifikatu gabeko hobietan.

  • Giza eskubideen urraketa larri horien erantzule politiko, militar eta zibilak ez dira inoiz epaituak izan.

  • Frankismoaren biktimek ez dute justiziarako eskubidea eraginkortasunez baliatu ahal izan, eta Debagoieneko erakunde eta herritarren ekimenak ez dira aintzat hartu.

  • Frankismoa zuritzen edo aldarrikatzen duten diskurtsoek eta egiturek oraindik presentzia dute, eta horrek zalantzan jartzen ditu ez errepikatzeko bermeak.

    Horregatik guztiagatik, Udal honek berresten du memoria, duintasuna eta giza eskubideekiko konpromisoa, eta honako hau aldarrikatzen du:

    Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak.

    Askatasuna posible delako.
    Askatasunaren hazia erein zenutenak gure oroimenean zaudetelako.