Adimen artifiziala herritarrak laguntzeko, Arrasateko Udalaren jauzi digital berria
2025/07/16
Arrasateko Udalak bi tresna digital berri jarri ditu martxan herritarrei arreta hobea eskaintzeko helburuarekin: webguneko txatbota eta lan-orduz kanpoko telefono deiak jasotzeko robota. Adimen artifizialean oinarritutako soluzio hauek udalarekin harremanetan jartzea erraztuko dute, modu azkar, erraz eta eskuragarrian.
“Hau ez da soilik tresna teknologiko berri bat ezartzea; jauzi berria da Udalaren modernizazioan. Aro digitalari ate berriak zabaltzen dizkiogu, eta gure helburu nagusia da herritarrek informazioa modu errazean eta argian jasotzea. Galdera bat eginda, erantzun azkarra jasotzea da gure asmoa. Horretan jarriko dugu indarra” azaldu du Kepa Urteaga zinegotziak.
Lan-orduz kanpoko telefono-deiak hartzeko robota
BAZeko (Bulego Orokorreko Arreta Zerbitzua) ordutegitik kanpo edo dei saturazioa dagoenean aktibatuko da. 943 25 20 00 telefonora deituta, robotak herritarraren galderak artatuko ditu euskaraz edo gazteleraz, eta ahal duen neurrian informazioa eskainiko du. Informazioa ematerik ez duen kasuetan, zein ordutan deitu daitekeen azalduko du langile batek arreta zuzena emateko.
Tresna hau IDRUS enpresak garatu du, udal informatikariekin eta BAZeko arduradunekin elkarlanean. Sistemak etengabeko hobekuntza prozesua izango du eta informazio eguneratua txertatzeko gaitasuna izango du, robotak ikasten jarrai dezan.
Lagunbot: Udal webgunetik informazioa eskuratzen laguntzeko txatbota
Webgunean (arrasate.eus) edozein ataletan agertuko den avatar edo ikonoaren bidez aktibatu ahal izango da. Txat-leiho baten bidez, herritarrek galderak egin ahal izango dizkiote Lagunbot izeneko txatbotari, ordenagailu edo mugikorretik, lehenik hizkuntza aukeratuz.
“Tresna honek asko erraztuko du webgunetik informazioa eskuratzea. Izan ere, udal webguneak informazio asko du, eta, askotan, webgunean galtzen gara bilatzen ari garen horren bila. Modu honetan, edozein dirulaguntza, zerga, baimen edo informazioren inguruko galdera zehatza eginda, erantzun zuzena ematen du, bilaketaren denboran eta efizientzian irabaziz” azaldu du Iker Agirresarobek, Udaleko informatikari buruak.
Lagunbot tresna Oñatiko ikasle ohiek sortutako lau laguneko talde batek garatu du, LAGUNBOT izenarekin. Txatbot honek ere adimen artifiziala erabiltzen du, udal webgunetik, prozedura administratiboen katalogotik eta Interneteko iturrietatik informazioa bilatuz eta ikasiz.
Azterketa eta hobekuntza etengabe
Bi tresna hauek uneoro herritarren pribatutasuna errespetatzeko bermea dute. Erabileren datu anonimizatuak jarraipena egiteko plataforma bat izango dute, pribatutasuna bermatuz, eta udal langileek hortik azterketak egin eta hobekuntza beharrak atzeman ahal izango dituzte. Hori guztia herritarrei zerbitzu hobeagoa emateko helburuarekin.
Azken batean, tresna hauek Arrasateko Udalaren digitalizazioaren bidean beste urrats bat dira, eta hurbileko administrazio eredua sendotzeko tresna erabilgarria izatea espero da.