Agurtzane Arregi Letamendi aitortuko du Arrasateko Udalak azaroaren 10ean, Memoriaren egunean

2022/11/03
Aurten 44 urte betetzen dira Agurtzane Arregi Letamendi eraila izan zenetik eta Arrasateko Udalak biktima bezala aitortu nahi du.

Aurreko legealdian, Arrasateko Udalak memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion. Udaletxean ordezkaritza politikoa zuten alderdien arteko elkarlana eta oinarrizko kontsentsuei esker, 1936-2018 urteen artean herrian izandako eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausuak eman ziren. Egindako memoria ikerketei jarraipena emate aldera eta hauek oinarri bezala harturik,  bai eta biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman zitzaion ere.

Legealdi honetan, Bizikidetza Batzordeak beste urrats bat eman nahi izan du azaroak 10a -Memoria eguna- hildako biktimei aitortza ekitaldiak egiteko baliatzea adostuz, eta bide horretan, Arrasateko herriarekin lotura estua duten biktimak aitortuz eta oroituz.  Beraz, bide honi jarraipena emateko, Arrasateko Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien arteko adostasunari esker, motibazio politikozko indarkeriak eragindako Giza Eskubideen urraketen biktima den Agurtzane Arregi Letamendi oroitu eta aitortu nahi du.

Agurtzane Arregi Letamendi Arrasatekoa zen izatez, baina Urruñan egin zuen bizitza, bere senarra, Juan Jose Etxabe eta hiru seme-alabekin. 1978ko uztailaren 2ko gauean, Juan Jose familiak Donibane Lohizunen zuen “Etxabe enea” jatetxearen aurrean zegoen kotxe barruan emaztearen zain. Agurtzane, jatetxetik irten eta kotxean sartu zenean biak tirokatuak izan ziren. Triple A taldeak aldarrikatutako atentatu honetan Agurtzane eraila izan zen eta senarra larriki zauritua. Agurtzanek 38 urte zituen.

Azaroak 10ean egingo den ekitaldiarekin, Arrasateko Udalak erakundeek Agurtzane Arregiri oraindik eman ez dioten aitortza publikoa egin nahi dio. Beraz, arrasatear guztiak, datorren ostegunean, arratsaldeko 19.00etan Udaletxeko Pleno Aretoan izango den ekitaldira gonbidatuak daude.

Agurtzane Arregi Letamendiren inguruan Argituzek 2018an egindako “Memoria partekatu baterantz. 1956-2018 Arrasate-Mondragon” liburuan jasotako informazioa.

Aitortza Agurtzane Arregi Letamendiri

Agurtzane Arregi Letamendi Arrasatekoa zen izatez, baina Urruñan bizi zen eta arropa-denda batean egiten zuen lan. 38 urte zituen, eta 13, 11 eta 9 urteko bi alabaren eta seme baten ama zen. Senarra, Juan Jose Etxabe Orobengoa ETAko kide nabarmena izan zen, ondoren ESBra gerturatutakoa. Hain zuzen, Etxabek jatetxe bat zeukan Donibane Lohizunen, eta hainbat atentatu egin zizkioten bertan. Lapurdiko herri horretan egin zuen senar-emazteen aurkako atentatua Triple A-ko (Alianza Apostólica Anticomunista) “Batallón Adolf Hitler” taldeak, 1978ko uztailaren 2an: Agurtzane Arregi erail zuten (17 tirok jo zuten), eta Juan Jose Etxabe zauritu (18 bala- inpaktu jaso zituen urdail, sabel, gibel, beso eta hanketan). Egun hartan, 10 minutu inguru zeramatzan Jose Etxabek Juri-Berri kalean, Peugeot 604 autoaren barruan irratia entzuten, emazteak lana noiz bukatu zain. AAAko kideek, baina, ez zuten tirorik bota biak auto barruan egon zirenera arte: biak ziren jomuga, eta biei egin zieten tiro.

Uztailaren 7an ekarri ahal izan zuten senideek gorpua Arrasatera, eta milaka pertsona gerturatu ziren San Juan Bataiatzailearen elizan egin zen hileta-elizkizunera. Oraingoz familiak ez du ez egiarik, ez Estatuaren aitortza ofizialik, ez indemnizaziorik, ez justiziarik izan. Biktima bezala lehenengo onarpen ofiziala Eusko Jaurlaritzak eman dio aurten, erailketa izan eta 44 urte geroago.

Argazkia: Goiena