Airearen kalitatea Arrasaten, “bikaina” 2021ean

2022/03/15
Kontabilizatutako karbono dioxido kopurua ez zen miligramo batera iritsi, zehazki 0.73 mg.

Iaz Arrasaten airearen kalitatea “bikaina” izan zen. Eusko Jaurlaritzak Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Estazioa du Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, eta hor bildutako datuen arabera, Arrasaten 0.73 miligramo karbono dioxido (CO2) zenbatu ziren metro kubiko bakoitzeko 2021ean.

Horrela, zifra hori parametro positibo batean dago. Izan ere, 0 eta 5 miligramo artean badago, kalitatea oso ona da; 5 eta 7 artean, ona; 7 eta 10 artean, hobetzeko beharra du; eta 10 eta 15 artean, eta 15etik gora, txarra eta oso txarra, hurrenez hurren.

Nitrogeno dioxidoaren (NO2) datuak ere guztiz positiboak izan ziren. Urte osoan, 14.42 μg (mikrogramo)/m3-ko batez bestekoa gehitu zen, 87 μg/m3-ko gehieneko balioarekin. Kasu horretan, parametroak honela banatzen dira: 0 eta 50 mikrogramo artean egonez gero, kalitatea oso ontzat jotzen da; 50 eta 100 artean, ontzat; 100 eta 200 artean, hobetzeko premiatzat; eta 200 eta 400 artean, eta 400 baino gehiago, txartzat eta oso txartzat, hurrenez hurren.

Bestalde, 10 mikra (PM10) baino diametro txikiagoko partikulek ere datu onak utzi zituzten. Metro kubiko bakoitzeko 14,89 μg zenbatu ziren, eta parametrorik onenean dago. Honela banatzen dira: 0 eta 20 mikrogramo artean badago, kalitatea oso ona da; 20 eta 40 artean, ona; 40 eta 50 artean, hobetzeko beharra; eta 50 eta 75 bitartean, eta 75 baino gehiago, txarra eta oso txarra, hurrenez hurren.

Aurreko urteetako datuekin alderatuta, nitrogeno dioxidoak bakarrik egin du gora, oso arinki (14.42 μg 2021ean, +0,42 μg 2020tik), eta airearen kalitatearen estandarrak ‘bikain’ mailan mantendu dira. 2020an 14 μg zenbatu ziren, eta 2019an 19 μg. Bestalde, karbono dioxidoa 0.8 mg-tik 0.76 mg-ra jaitsi zen, eta 10 mikra baino diametro txikiagoko partikulen kasuan, 15.7 μg-tik 14.49 μg-ra.