Aisialdi eta kirol programetan haurren parte hartzea sustatzeko 40.000 euroko dirulaguntza partida bideratuko du Udalak, iaz baino 10.000 € gehiago

2026/02/24
Card image cap
Muga ekonomikoak gainditu nahi ditu Udalak, eta bazterketa ekonomikoa ekidin. Azken bi urteetan 20.000 eurotan igo da diru laguntza partida hau.

Aisialdi eta kirol programetan herriko haurren parte hartzea sustatzeko xedea duen dirulaguntza lerro honen deialdia aurreratu du Arrasateko Udalak, dagoeneko irekita baitaude hainbat udalekutan izena emateko epea. 

Udalekuek edo kirol campusek bi ezaugarri hauek bete behar dituzte:

  • Aktibitatea 2026ko udan gauzatuko da.
  • Antolatzailea izango da irabazi asmorik gabeko herriko aisialdi, kultur edo kirol elkarte bat.

Familiek bi baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza hau eskuratzeko:

  • Arrasaten bizitzea.
  • Gehieneko diru-sarrera gordinak urteko:
    • 21.836 € / 2 laguneko bizikidetza unitateen kasuan
    • 28.387 € / 3 laguneko bizikidetza unitateen kasuan
    • 32.754 € / 4 lagun edo bizikidetza unitateen kasuan

Modu honetan, dirulaguntza honen onuradunak suertatzen diren familiek % 90eko deskontua izango dute matrikularen ordainketan, gehienez ere 218 € arte.

10.000 € gehiago familien zailtasun ekonomikoak ekiditeko

40.000 euroko dirulaguntza partida bideratuko du Udalak haurren parte hartzea sustatzeko. Muga ekonomikoak gainditu nahi ditu Udalak modu honetan, eta bazterketa ekonomikoa ekidin. “Familia askok arazoak dituzte haurren udalekuak ordaintzeko, eta hori ezin da muga izan haurren parte hartzerako. Muga ekonomiko hauek gainditzeko, 10.000 eurotan igo dugu dirulaguntza partida bigarren urtez jarraian, 40.000 eurora heldu arte, haur bat bera ere ez dadin baztertua geratu” adierazi du Gladys Fernandezek, Belaunaldiarteko Zinegotziak.

Oinarriak, informazioa eta eskaerak aurkeztea

Dirulaguntzen oinarriak esteka honetan aurkituko dituzu. Bertan jasotzen dira aurrez aipatutako baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia. Eskaerak www.arrasate.eus webgunean aurkeztu daitezke, edo eta Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ). Eskaera egiteko azken eguna ekainaren 30a da. Informazio zabalagoa jasotzeko, Gazte Bulegora jo - Biteri kalea, 3 Tel. 943252065