Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berriak Alde Zaharra “erakargarriago” egitea du helburu

2022/12/16
Arrasateko eragile askoren adostasunarekin, garai berrietara egokitzeko, Plan Berezia berrikusteko prozesua ireki zen 2019an

Arrasateko Udalak argi berdea eman dio Arrasateko Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berriari. Abenduaren 15ean egingo den Osoko Bilkuran emango zaio onarpena araudi berriari, behin herritarren proposamenak landu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren iradokizunak uztartu ostean.

 

Horrela, Alde Zaharreko Hirigintza Planak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu, esaterako erakusleihoetan, toldoetan, sotoetan, garajeetan edo etxebizitzak birgaitzeko lanetan.

Ibon Arrupe Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “Hirigune historikoan indarrean zegoen hirigintza araudi murriztaileak, Erdi Aroko 'almendra'ren monumentu izaera babesteko 2000. urtean aldarrikatutakoak, arazo ugari eragin du egoiliarren eta merkatarien beharrizanekin uztartzeko. Begiratokiak, toldoak, erakusleihoak handitzea, zuntz optikoa instalatzea edo lurpeko garajeak eta sotoak eraikitzea bezalako elementuak instalatzeko orduan arazoak sortzen zituen. Araudi berriak Alde Zaharra erakargarriago egitea du helburu, bizitzeko eta lan egiteko hirigune bilakatuz, baina haren monumentaltasunaren kontserbazioaren arteko oreka mantenduz. Alde Zaharra biziberritu gura dugu bi ideia nagusiren bueltan: Alde Zahar bizi bat eta eraberritua”.

 

25 urte egin behar da atzera planaren hasierara heltzeko: 1997an Eusko Jaurlaritzak 26/1997 Dekretuaren bitartez Monumentu Multzo izendatu zituen Arrasateko Alde Zaharraren almendra osatzen duten Ferrerias, Erdiko Kalea eta Iturriotz kaleak. 2000. urtean osatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasateko Alde Zaharraren Birgaitzerako Plan Berezia. Plan horrek, monumentu multzoaz gain, Maalako errebala, Olarte eta Gazteluondo kaleak babestu zituen.

 

Arrasateko eragile askoren artean, garai berrietara egokitzeko, Plan Berezia berrikusteko prozesua ireki zen 2019an. Helburua izan da araua berrikustea alde zaharra gune bizia izaten jarraitu dezan. Erraztasunak emateko etxebizitzak berrizteko eta jarduera berriak ezartzeko. Beti ere, bizilagun eta eragile berrientzako gune erakargarria izan dadin, alde zaharraren etorkizun oparoa bermatzeko.

 

2019an aukere eman zitzaien herritarrei proposamenak aurkezteko. Guztira 20tik gora proposamen jaso ziren. 2020an eta 2021ean Aholku kontseiluarekin batera proposamenak landu ziren.

 

Hauek dira aldaketa nagusienak:

  

  • Eskaparateen zabalera gaineko araua asko malgutzen da, eta karratuak izan ahalko dira. Hau da, eskaparateek altuera bezalako zabalera izan ahalko dute.
  • Alde zaharra bi gunetan banatzen da: alde batetik almendra eta bestetik errebalak. Errebalen babes maila malgutzen da, 26/1997 Dekretuaren zorroztasunetik askatzen baita. Adibidez; trasteroak egiteko sotoak eraiki ahal izango dira, fatxadetan begiratoki berriak jarri ahal izango dira eta Biteri plazara ematen duten fatxadetan toldoak jarri ahal izango dira.
  • Aisialdirako gune irekiak eta berdeguneak egonkortzen dira; Hotel Arrasate atzealdeko partzelari (Maalako Errebala) eta Ferrerias kaleko Irati Topagunearen ondoko bi partzelei eraikigarritasuna kentzen zaie (Arotz plaza), espazio publiko bihurtuz. Horrela, 3 partzela horietan ezingo da ezer eraiki.
  • Udal zerbitzu publikoak Alde Zaharraren muinean mantendu eta etorkizun batean eremu honetatik kanpo daudenak ere bertara ekartzeko, Erdiko kalea 11 eta Zeharkale Estalia 1 eraikinei etxebizitza erabilera kalifikazioa aldatzen zaie zerbitzu publiko erabileragatik. Zeharkale Estalia 1aren % 50 baino gehiagotan dagoeneko Udal Zerbitzuak daude ezarrita.
  • Iturriotz 13aren (Alai zinema) erabilera etxebizitzak izan ahalko dira, betiere bermatzen bada etxabeak udal zerbitzu publikoak izan ahalko direla.  
  • Hobariak ezarri dira abandonatutako eraikinak berreraikitzean ordaindu beharreko hirigintza kargei aurre egiteko.

Arrasateko Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezia indarrean sartzerakoan eskuragarri egongo da udalaren webgunean herritarrentzat zein interesdunentzat.

Argazkia: Mondraberri