Alde Zaharrean zuntz optikoa ezartzeko lanei ekin die Udalak Ferrerias kalean

2021/11/05
Kanalizazio lanak dira hasi berri direnak, egungo Telefonicaren kanalizazioa eta zuntza eraman behar den eraikinen artekoa, hau da, barrualdera sarbide prestatua duten eraikinetara lotzeko

Arrasateko Udalak Alde Zaharrean zuntz optikoa ezartzeko lanei ekin berri die Ferrerias Kalean. Kanalizazio lanak dira hasi berri direnak, egungo Telefonicaren kanalizazioa eta zuntza eraman behar den eraikinen artekoa, hau da, barrualdera sarbide prestatua duten eraikinetara lotzeko.

Barrualdean, etxebizitzetara iristeko oinarrizko egokitzapen bat egin behar da (oro har, kanaleta erabiliko da hartuneak bezeroari eramateko, eta erregistro bat egingo da zerbitzua emango dien kutxa instalatzeko).

Udalak bere gain hartuko du instalakuntza lurperatzearen kostua, baina zuntza atarietan eta etxebizitzetan sartu beharko denez, beharrezkoa da etxebizitza bloke bakoitzeko auzotarren komunitateak lan horiek baimentzea. Baimenen inguruan hauek dira azken datuak (zerrenda atxikita). Azken hilabetean 30 etxe atari gehiagok baimendu dute zuntz optikoaren ezarpena:

  • Baimena sinatuta eta aurkeztuta daukaten atarteak: 116
  • Baimena sinatu ez duten atarteak: 59

Falta diren atariekin lanean jarraituko du Udalak baimena eman dezaten. Ferrerias kalean abiatu diren lanek baimenen araberako izango dute jarraipena gainontzeko kaleetan.

Udalak gogorarazi du zuntza Alde Zaharrera eraman eta atarietan instalakuntza egitea bere gain hartuko duela lehen deialdi honetan. Aurrerago atxikitzea erabakitzen duten atariek, kaletik etxera bitarteko instalakuntza bere gain hartu beharko dute.