Altamirazpi-Jose Luis Iñarra kaleen eraberritze lana auzotarrekin elkarlanean landu gura du udalak

2021/04/13
Horretarako, partaidetza prozesu bat abiaraziko du, hiru fasetan landuko dena: proiektu aukeren azterketa, iritzi bilketarako galdetegia eta bizilagunen iritzien azterketa, eta bilera bat egitea behin betiko proiektua aukeratzeko.

2019ko partaidetzako aurrekontuetan herritarrek lehenetsitako proiektuen artean, Jose Luis Iñarra kalearen berrurbanizazioa atera zen. Hori horrela izanik, herritarrekiko hartutako konpromisoa betetze aldera eta apustua eginez Arrasate atseginago baten alde, udalak pausu batzuk eman ditu proiektua aurrera eramateko, eta, dagoeneko, esku artean proposamen bi ditu berritze lanak egiteko.

Proiektu hori, baina, herritarrek aukeratutakoa izanik, herritarrekin elkarlanean landu gura du Arrasateko Udalak, eta horri jarraituz, partaidetzako prozesu bat jarriko du martxan, bizilagunak prozesuan inplikatu eta berrurbanizazio proiektua elkarlanean adosteko.

 

Partaidetzako prozesua apiriletik maiatzera bitartean izango da, eta hiru fase izango ditu:

  1. 1. FASEA: PROIEKTU AUKERAK AURKEZTEA.

Lehenbizi, esku artean dituen bi proiektuak aurkeztuko dizkie udalak herritarrei, eta horretarako, bilera ireki bi antolatu ditu apirilaren 14an eta 19an. Saio horiek arratsaldeko 18:30ean egingo dira udaletxean bertan, eta osasun eta segurtasun protokoloa betetze aldera, aurrez izena eman beharko da 688 64 80 40 telefonoan edo smartinez@aztiker.eus helbidean.

  1. 2. IRITZI BILKETARAKO GALDETEGIA:

Behin proiektu aukerak aurkeztuta, bizilagunen iritzia jakiteko, galdetegi bat helaraziko zaie etxeko postontzietara apirilaren 22tik apirilaren 30era bitartean. Bide bi egongo da galdetegia entregatzeko: lehena, BAZen, kutxa batean, eta bigarrena online bidez, helbide elektroniko baten bidez, geroago adieraziko dena.                                                                       

  1. 3. BIZILAGUNEN IRITZIAK AZTERTZEA, ETA BILERA BAT EGITEA BERRURBANIZAZIO PROIEKTU BAT AUKERATZEKO:

Azkenik, prozesuaren azken urrats gisa, maiatzaren 13an, hausnarketa batzar batean,  proiektu zehatza adostuko da bizilagunekin, eta aurten bertan exekutatu ahal izango da.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi du: “Proiektua herritarrek aurkeratu dutenez, hura aurrera eramateko garaian, udalaren asmoa da herritarrekin elkarlanean aritzea, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu gaur egun ditugun proiektu aukeren inguruan Jose luis Iñarra kaleko eta Altamirazpi kaleko bizilagunen iritziak eta ekarpenak jasotzea eta auzoaren berritze lanetarako proiektua guztion artean adostea. Lanen helburua da, halaber, Arrasate atseginago baten bidean, eremuko irisgarritasuna eta bizilagunen mugikortasuna hobetzea, eta jasangarritasunean ere pausuak ematen jarraitzea”.