Aniztasun funtzionala duten gazteentzat ‘Arrasaten bertakoak dantzan’ ekimenean izena emateko epea zabalik

2022/09/15
Hilean saio bi egingo dira, zapatuetan. Saioak ordu bikoak izango dira, 11:00etatik 13:00era, Etxaluzen Axeri gelan.

Aurten ere, aniztasun funtzionala duten gazteentzat ‘Arrasaten bertakoak dantzan’ programa jarriko dute martxan Arrasateko Udaleko Gazteria eta Aniztasun sailek elkarlanean. Saioak KALA elkarteko BASH taldeak dinamizatuko ditu.

Programaren helburua da aukerak talentuen bidez eraldatzea, sormen eta mugimendu espazioak sortuz. Dinamika askoren bidez sormena eta askatasuna bultzatzen dute, musikaren laguntzaz. Mugimendua eta gorputz adierazpena dira osagaiak, eta bakoitzaren beharrak eta nahiak errespetatzen dira. Helburua da jolasaren bidez ikastea eta prozesuan ondo pasatzea. Horretaz gain, beste gai batzuk lantzen dira: talde lana, gazteak ahalduntzea, sozializatzeko espazioak sortzea, partaidetza bultzatzea lehiakortasuna alde batera utzita eta abar.

Aurten, hilean saio bi egingo dira, zapatuetan. Saioak ordu bikoak izango dira, 11:00etatik 13:00era, Etxaluzen Axeri gelan. Gainera, kolektibo eta sektore askotako artistak gonbidatuko dituzte ezagutzak konpartitu eta gauza berriak ikasteko asmoz.

Interesa duten guztiek izena eman dezakete Arrasateko Udalaren webgunean (https://izenemateak.arrasate.eus/) irailaren 23a baino lehen.

Argazkia: Goiena