Aniztasunaren Hilabetearen egitaraua aurkeztu dute Aniztasun Mahaiko kide diren eragileek
2025/05/06
Aurten ere Arrasateko Aniztasun Mahaiko eragileek maiatzaren 21ean “Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna”-ren baitan Aniztasunaren Hilabetea antolatu dute. Honen helburua aniztasun hau ikusarazi eta Arrasateko aberastasun honen erakusleiho izatea da.
“Aniztasuna aberastasuna da. Aniztasunaren Mahaitik pertsona guztiak anitzak garenaren ideian oinarritzen gara, eta gizarte osoa inplikatzen duen errealitate gisara ulertzen dugu hau. Hau horrela, aniztasunaren ulerkera zabaletik abiatuz, aniztasun desberdinak hartu nahi ditugu kontuan (kulturala, funtzionala, sexuala, linguistikoa, etab.)” azaldu du Xixili Egigurenek, Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak.
Zentzu horretan, aipamen berezia egin nahi izan diote hilabete honetan ospatuko den Euskaraldiari, eta hilaren 15etik 25era ekimenean parte hartzeko deialdia luzatu dute.
Aldarrikapena erdigunean
Bide honetan, aurten ere, Aniztasun Mahaiak egitarau oparoa antolatu du. Hau horrela, egun oinarrizko eskubideen alorrean gertatzen ari diren eraso eta atzerakadak direla eta, “ezinbesteko ikusi da aldarrikapenak toki zentrala hartzea. Horregatik, maiatzaren 21ean, aniztasunaren egunean, ‘Oinarrizko bizi eskubideen defentsan Aniztasuna erdigunean’ lelopean elkarretaratzea egingo dugu Herriko Plazan 11:30ean” azaldu dute. Eta bide batez, herritar oro bertara gerturatzeko deialdia zabaldu dute.
Bide honetan, Denontzako Arrasate bat lortzeko helburuarekin, aurten irisgarritasuna hartu dugu hizpide; irisgarritasunak egikarituko baitu, beste batzuen artean, informaziora sarbidea, parte hartzeko aukera zabaltzea, eta horrela eskubideez baliatzeko aukera izatea.
Aniztasun Mahaia indartsu eta irudi berriarekin
Honekin batera, aurten, logo berria aurkeztu dute Aniztasun Mahaia osatzen duten eragileek. “Aniztasun Mahaia indartsu dago eta honek emaitza moduan 18 eragilek osatzen dugun talde egonkor eta sendo bat izan du. Horrela, logo honen bitartez Aniztasun Mahaiak bere marka izango du eta bere lana erraz eta modu ikusgarrian identifikatzeko balioko du honek” azaldu dute.
Hilabete osoko egitaraua
Apirilak 11-Maiatzak 20: POESIA EDOTA IPUIN LEHIAKETA
- Antolatzailea: Amerika Elkartea
- Aurten, konpromiso horri txikienak gehitu nahi izan dizkiogu. Horregatik, jarduera bat antolatu dugu Herri Eskola eta Arizmendi Ikastolarekin: kultur aniztasunari buruzko ipuin eta poesia lehiaketa. Haurrek hitzaren bidez hausnartu, adierazi eta defenda dezaten nahi dugu, kolore guztiak, jatorri guztiak, istorio guztiak bilduko dituen mundu bat.
Maiatzak 8: IPUIN KONTAKETA: MELOIA ETA ANGURRIA
- Ordua eta tokia: 18:00etan Txaetako plazan
- Antolatzaileak: Arrasateko Udala eta Ekin Emakumeak elkartea
- Aurten ere, Udal Bibliotekak, Aniztasun Sailak eta Ekin Emakumeak elkarteak elkarlanean, “Mundutik Arrasatera ipuin kontaketak” egitasmoa gauzatuko dugu. Honen helburua pertsona guztien arteko bizikidetza ahalbidetzea, harreman positiboak eraikitzea eta inguruan ditugun aniztasun guztiak ezagutzea eta hauen aitortza egitea da. Oraingo honetan Souad Salah Ghala eta Nerea Atxak kontatuko digute “Meloia eta Angurria” ipuina hassanieraz eta euskaraz.
Maiatzak 13: “NIRE NORTASUNA” PROIEKTUAREN AURKEZPENA
- Ordua eta tokia: 11:00etan Kulturateko Areto Nagusian
- Antolatzaileak: AMS eta Garagune Arrasate
- "GURE NORTASUNA" ren ondoren, AMSk eta Garagune Arrasatek, gustatzen zaigunari, bakoitza irudikatzen gaituenari eta gure ametsei begirada pertsonalagoa erakutsi nahi dien proiektu bat aurkezten dizuegu.
Maiatzak 16: AZOKA
- Ordua eta tokia: 10:00-13:00 Seber Altube plazan
- Antolatzailea: IMME, Aspace, Garagune Arrasate, Arizmendi Ikastola (ZIG) eta AMS-ren parte hartzearekin.
- "Azoka Inklusibo eta Solidarioa", non elkarren arteko laguntza eta lankidetza sustatzen diren, komunitatearen mesedetan. Helburu nagusia kultura-aniztasuna erakustea eta ospatzea, ekintzaile txikiei laguntzea eta errespetuzko eta lankidetzazko ingurune batean gizarteratzea sustatzea da.
Maiatzak 19-23: ANIZTASUNEAN JOLASTEN
- Ordua eta tokia: Goizetan zehar ikastolako jolastokietan
- Antolatzailea: Arizmendi Ikastola
- Goizean zehar eta gune ezberdinetan, ANIZTASUNA LANTZEKO JOLASAK antolatuko dira; munduko jolas ezberdinak, aniztasun funtzional ezberdinak ikustarazten/biziarazten dituzten jolasak…
Maiatzak 20: ANTZERKIA: DADA Ü LALA
- Ordua eta tokia: 18:30etan JAMEko Auditorioan
- Antolatzailea: Ekin Emakumeak elkartea
- Ekin Emakumeak elkartearen 30. Urteurrenarekin bat eginez, euskara ardatz hartuta, Les Bobe Bobe antzerki konpainiaren eskutik, umore absurdo, fisiko eta lotsagabea lantzen duen antzezlana antolatu dugu.
Maiatzak 21: ANIZTASUNAREN EGUNA
- Ordua eta tokia: 11:30etan Herriko Plazan
- Antolatzailea: Arrasateko Aniztasun Mahaia
- Gero eta polarizatuagoa den mundu honetan, askotariko pertsonek oztopo ikusezin eta ikusgarriei aurre egiten jarraitzen dute — arrazismoa, diskriminazioa edo etxebizitza duina lortzeko zailtasuna, esaterako —, eta egun honek ahotsa altxatzera, hitz egitera, errespetutik eta berdintasunetik topo egitera gonbidatzen gaitu.
Maiatzak 26: HITZALDIA: ATZERRITARTASUN ERREGELAMENDU BERRIAREN AZTERKETA
- Ordua eta tokia: 18:00etan Kulturateko Loramendi aretoan
- Antolatzailea: SOS Arrazakeria
- 2025eko maiatzaren 20an jarriko da indarrean atzerritarrei buruzko erregelamendu berria, honek, funtsezko aldaketak ekarriko ditu atzerritarrak erregularizatzeko prozesuetan. Hitzaldi honen helburua, oinarrizko kontzeptuak argitzea eta berrikuntza nagusiak azaltzea izango da.
Maiatzak 30: KOMUNIKAZIOA DENONTZAT PROIEKTUAREN AURKEZPENA
- Ordua eta tokia: 11:00etan Kulturolan
- Antolatzailea: Arrasateko Aniztasun Mahaia
- Arrasate irisgarriagoa izateko, ematen den komunikazioa ere inklusiboa izan behar da. Honek esan nahi du pertsona guztiengana heldu beharko litzatekeela. Ez gara konturatzen zenbat pertsonek ezin dute informazioa jaso arrazoi ezberdinengatik (formatua, ikusmen arazoak, kokapena, hizkuntza,…). Horrengatik landu dugu “Komunikazioa denontzat” proiektua, komunikazioa modu irisgarrian egiteko tresnak eskaintzeko helburuarekin.