Arrasateko Udala urgentziazko konponketa lanak egiten ari da Antoñako frontoian

2024/03/20
Card image cap
Udal langileek segurtasuna bermatzeko lanak abiarazi dituzte, ezker paretan zati batzuk jausita. Lan horiek amaitu ostean, egin beharreko lanak identifikatuko dituzte, eta konponketa lanekin hasiko dira.

Urgentziazko konponketa lanak egiten ari dira Antoñako frontoian, azken asteotan ezker paretan materiala erori izanaren ondorioz. Hirigintza sailak otsailean jasotako abisuaren ondoren, saileko teknikariek diagnostiko eta esku-hartze txostena prestatu dute.

Txosten horren diagnosiak dio hedatuta daudela material erorketei lotutako kalteak frontoiaren ezker paretan, “luzera osoan eta lurretik hasi eta gutxi gorabehera 7 metroko garaieraraino. Eroritakoa paretaren hormigoia da, pintura eta guzti; eta horren ondorioz, ikusgai geratu dira hainbat puntutan barruko armadurak, zeintzuk herdoilduta dauden eta hormigoizko gaineztatzea txikiegia duten”. Frontisean eta sabaian, ostera, ez dago horrelako arazorik.

Segurtasuna bermatzeko lanak

Txostenak dio udalak lehentasunez segurtasuna bermatu behar duela, eta horretarako, gomendatzen du kaltetuta eta erortzeke egon daitezkeen zatiak kentzea. Lan horiek aste honetan egiten ari dira udal langileak, frontoiaren erabilera segurua bermatzeko, erortzeke egon daitezkeen pareta zatiak pikatu eta kentzen.

Konponketa lanak

Segurtasuna bermatzeko lehen lanen ondoren etorriko dira konponketa lanak. Paretan geratuko diren zuloak ez dira arriskutsuak izango, baina frontoiaren erabilera baldintzatuko dute. Beraz, ezingo da jokatu pilotan, frontenisean edo palan, baina beste kirol mota batzuk egiten dituzten klubek bai erabili ahal izango dute, hala nola Mondratek, atletismok edo LEKek.

Udalak ezker paretaren konponketa lanak kontratatuko ditu datozen aste edo hilabeteetan, lehen faseko lanak amaituta jakingo baita zer konponketa lan egin beharko diren. Behin frontoiaren segurtasuna bermatuta, berriro erabili ahal izango da, konponketa lanak hasi bitartean.

Antoñaren eraberritze integrala, kiroldegi berriarekin

Lan horiek kirol azpiegituren konponketa lanen barruan kokatu ditu Udal Gobernuak. Dena den, konponketa probisionalak izango dira, eta frontoiaren eraberritze integrala Musakolako Kiroldegiko eraberritzearekin batera etorriko da.