Apirilaren 24an zabalduko da “Dinbi,danba, mailukaren hotsa” erakusketa

Arratsaldeko 19:00etan egingo da irekiera ekitaldia. Sarrera librea da eta bisita gidatu bat egingo da erakusketa aurkezteko. Ostean, lunch txiki bat eskainiko da

Bixente Barandiaran Balanzategi, Mentu, (1911-2004) Arrasatek izan duen azken errementaria izan zen. Eta “Dinbi,danba, mailukaren hotsa” erakusketan bere bilduma osoa erakutsiko da, helburu batekin:  errementari eta perratzailearen ofizioaren nondik norakoak gerturatzea. Izan ere, XX.mendeko industrializazioaren eraginez desagertuz joan dira gure herriko zenbait ogibide, baita haiei lotutako hamaika istorio eta jakintza ere. Ezagutza eta bizimodu hauek babestu beharreko ondare dira, eta erakusketa honen bidez horixe egin gura da.

Erakusketaren 4 atalak

Mentu ia mende erdiz aritu zen dinbi,danba, mailukarekin burdin goriari forma ematen, Marko-Etxebarri baserrian kokatuta zuen bere sutegian. Eta arrasatear asko izan dira,  urteak joan urteak etorri, bere tailerretik pasa direnak, Mentuk beraien tresnak zorroztu, ganadua perratu eta baserrirako lanabesak egin zitzan.

Erakusketaren lehenengo atalean Bixente bere garaiko testuinguru soziokulturalean aurkezten da. Denbora-lerro baten bitartez, XX. mendeko Arrasateko giroa eta mugarri garrantzitsuenak berreskuratzen dira: Unión Cerrajera-ren sorrera 1906an, 1934ko Octubrada, Gerra Zibila, 1941ean Jose María Arizmendiarrieta eta Jose Luis Iñarra abadeen etorrerak herrian eragin zuen aldaketa,  Aprendices Eskolaren sorrera, ULGORen jaiotza 1956ean eta abar.

Denbora-lerro horretan ere, Mentu ikuspegi hurbilago batetik ezagutzeko aukera izango da, familia-albumeko argazki eta dokumentu pertsonalen bidez. Horrez gain, Bixenteri egindako dokumental batean, bere tailerrean zelan lan egiten zuen ikusi ahalko da.

Bigarren atala bere sutegiaren simulazio bat da; Bixenteren bildumako 600 piezetatik esanguratsuenak ekarri dira horretarako, Harresi aretora: Burdina landu eta forjatzeko prozesua zelakoa zen erakusteko, sutegiko oinarrizko elementuak berreskuratu dira. Tailerreko atmosfera girotzeko, berriz, makina handiak -zorroztarria, gurpiletako uhelei forma emateko makina, igitaientzako zorrozkailua eta neurri ezberdinetako ingudeak- eta bere tailerreko altzariak eta objektu pertsonalak ere aukeratu dira.

Hirugarren atalean perratoki baten bitartez, eta perratzeko erabiltzen zituen erremintak sailkatuz, gure bailaran desagertzear dagoen ofizio hontara gerturatuko gara. Atal honetan elementu bitxi bat ere badago: Bixentek, 36ko gerran Burgoseko Frontean zegoela idatzitako koaderno bat, non ofizio hontako sekretuak aditzera ematen dituen. Formatu digitaleko marko baten bitartez koadernoa irakurtzeko aukera egongo da.

Laugarren atalean Arrasateko altzairu ospetsuari bere espazioa eman zaio, altzairua lortzeko Arrasateko olagizonek erabiltzen zuten teknika erakusteko: burdin-mea nondik ateratzen zuten eta XVI. mendeko Arrasateko bizitza nolakoa zen aztertu. Garaiko burdin minerala eta zepa bat ikusgai egongo dira, baita ere, Arrasateko altzairuarekin landutako ezker eskuko daga eta fusil bat. San Balerio kofradiaren kontuak ere aditzera emango dira azken gune honetan.

Erakusketaren epilogo gisa, argitaratu gabeko dokumental bat proiektatuko da. Arrasate eta inguruko adituei egindako  elkarrizketen bitartez, erakusketa osatuko duen lehen ahotseko testigantzak jasoko dituen ikus-entzunezko pieza izango da.

Apirilak 24 irekiera ekitaldia

Proiektu hau aurrera eramateko, Eibarko Armagintza Museoarekin, Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegiarekin, Artziniegako Museo Etnografiakoarekin, Arrasate Zientzia Elkartearekin eta, batez ere, Barandiaran familiakoekin egon gara elkarlanean.

Apirilaren 24an zabalduko da “Dinbi,danba, mailukaren hotsa” erakusketa eta arratsaldeko 19:00etan egingo da irekiera ekitaldia. Sarrera librea izango da eta bisita gidatu bat egingo da erakusketa aurkezteko. Ostean, lunch txiki bat eskainiko da.

Erakusketa egonkorra

Aurreikusten da Dinbi, danba  mailukaren hotsa erakusketa modu iraunkorrean izatea Harresi aretoan. Informatzaile bat egongo da aretoan bisitak egin eta proiektuaren gaineko edozein zalantza argitzeko, eta honakoa izango da erakusketaren ordutegia maiatza bukaera arte: 

  • Ostegunetan:  17:00-20:00
  • Ostiraletan:  17:00-20:00
  • Larunbatetan: 10:30 – 13:30

Informazio guztia gure web gunean jasoko dugu http://www.arrasate.eus/dinbidanba