Apirilaren 26an Kurtzetxikira irteera gidatua

Bereziki aproposa izango da umeekin egiteko. Ibilbideak hiru ordu inguru iraungo du eta Kurtzetxikiri buruzko zenbait azalpen emango dituzte bertatik bertara

Martxoaren 25ean aurkeztu zuten Besaidek eta Udalak Kurtzetxiki mendira igotzeko sortu dituzten bide  berriak. Eta orduan iragarri zuten apirilaren 26an irteera gidatu bat egingo zela,  gura duten guztientzako.

Udalak Arrasateko zenbait inguru nahi ditu babestu, eta herritarrengana gerturatu. Kurtzetxiki mendia da haietako bat, naturarekin uztartutako aisialdia praktikatzeko aukera paregabeak ematen dituena.

“Kurtzetxikiko bira” ezagutzeko aukera

Herritik salto batera dago Kurtzetxiki, bide berri hau gustura igotzekoa da eta tontorretik sekulako parajeaz gozatu daiteke. Mendi honek, gainera, baditu zenbait ezaugarri eta bitxikeri Arrasatearrok harro sentitzeko modukoak.

Bada, datorren apirilaren 26an horiek guztiak ganoraz ezagutzeko aukera izango da;  Besaidek Udalaren laguntzarekin irteera gidatu bat antolatu du eta animatu gura ditu arrasatear guztiak ibilbidea probatzera. Hauxe da hitzordua:

  • Eguna: Apirilak 26, zapatua.
  • Ordua: 10:00
  • Elkargunea: Herriko plaza.

Umeekin egiteko bereziki aproposa

Apirilaren 26ko egingo dena, “Kurtzetxikiko bira” (SL- Gi 42) 6,6 kilometrotako ibilbidea da eta, berez, bi orduren bueltan egin daiteke. Irteera gidatuan Kurtzetxikiren zenbait ezaugarri ezagutzeko aukera izango da, zenbait pertsonek emango dituzten azalpenei esker.

Antolatzaileek azpimarratu dute irteera hau bereziki aproposa izango dela umeekin egiteko. Ipuin berezi bat ari dira prestatzen Kurtzetxikin kontatzeko.