Apirilaren 27, 28 eta 29an, SHREC proiektuaren baitan energia berriztagarrien inguruan, Arrasatek nazioarteko adituak jasoko ditu

2022/04/11
Card image cap
SHREC proiektuaren xedea da energia berriztagarrien ekoizpena eta energia kontsumo eraginkorra sustatzea, tokiko politikak hobetzea, enpresen inbertsioa sustatzea energia berriztagarrietan zein teknologia berrietan eta kontsumitzaileen inplikazioa handitzea, besteak beste.

Datorren apirilaren 27tik 29ra hiru eguneko jardunaldiek hartuko dute Arrasate: SHREC Arrasate “Shifting towards Renewable Energy for Transition to Low Carbon Energy”. Nazioarteko eta bertako adituen hitzaldiak eta tailerrak zein egitasmo/praktika on berritzaileak aurkeztuko dira Garaia PTn.

Interreg Europe ekimenaren barruan kokatzen da, eta, xedea da energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, tokiko politikak hobetzea, enpresen inbertsioa sustatzea energia berriztagarrietan zein teknologia berrietan eta kontsumitzaileen inplikazioa handitzea, besteak beste.

SHREC proiektua, 2019ko udan abiatu zena, Interreg Europe proiektu bat izanik, proiektuko kide bakoitzak bere herrialdean gauzatutako praktika onak identifikatu ditu, eta, taldekideekin partekatu. Arrasateko jardunaldiak hori du helburu. Datozen hilabeteetan tokiko ekintza plana jarriko da abian SHREC kideen praktika onen mamia oinarri hartuta.

Arrasaterekin batera dira kideak: Hanze University of Applied Sciences: Herbehereak (Liderra), Slovak innovation and energy agency: Eslovakia, Vilnius Gediminas Technical University: Lituania, Piamonte Region: Italia, Auvergne Rhône-Alpes Energy Environment Agency ( AURA-EE): Frantzia, Mid Sweden University: Suedia, eta South Muntenia Regional Development Agency: Errumania.

Era berean, ikasketa prozesuan bidelagun izateko, Arrasateko Udalak bertako eragileen taldea osatu zuen proiektua aberasteko asmoz. Taldea osatzen dute, Arrasateko Udalarekin batera, Debagoiena 2030, Debagoieneko Mankomunitatea, Fagor Taldea, Goiener, H-enea Living Lab, Ikerlan eta Mondragon Unibertsitatea.

Guztira 60 lagunetik gora batuko dira Garaia parke teknologikoan, horietatik erdia baino gehiago Europako hainbat lurraldetatik etorritakoak. Bi mahai inguru antolatu dira, publikoari irekiak, eta proiektuko kideek hainbat aurkezpen eta bisitatan hartuko dute parte hiru egunean.

Proiektuak orotara 1,8 milioi euroko aurrekontua du; horietatik % 85 Europar FEDER funtsetatik jaso dira eta, Arrasateko Udalari dagokionez, ia 165.000 €-ko aurrekontua, lau urtean banatzeko.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu du “inoiz baino garrantzia handiagoa du egun energia jasangarrien aldeko apustu irmoa egiteak. Ikusi dugu eta oso agerian geratu da menpekoak garela gasa eta petrolioarekiko, besteak beste. Errusiak Ukraina inbaditzeak, zein aurretik ere, energetikoki ditugun mugak azaleratu ditu. Beraz, biko balioa dute energia berriztagarriek: planetarekin bat doaz eta ez dira kaltegarriak, klima larrialdi egoerari aurre egiten lagunduko digute CO2 isurketak murriztuz, eta gurean, bertan, KM0, sortzeko aukera dugu.

Alkateak gehitu duenez – “Jomuga da Arrasate abangoardian egotea eta horren adibide da Leintz Bailaran garatzen ari garen Ekiola plaka fotovoltaikoen ekimena. SHREC proiektuak hazi osasuntsu eta baliotsuak ereitea ahalbidetuko digu, gure etorkizuneko energia ereduaren hastapen izango baitira. Elkarlanean, 8 herrialde ari gara elkarbanatzen gure ideiak, egitasmoak, elkar aberasteko helburuarekin, eta gure lurraldeak jasangarriago bilakatzeko nahiarekin. Talentuak eta ideia berritzaileek eraikiko dute gure etorkizuna; hori da SHREC. Ezbairik gabe, pausu garrantzitsu da gure herri, lurralde zein mundu berdeago, jasangarriago eta osasuntsuago bat eraikitzeko”.

3 egun, saioz beteta

Lehen egunean, apirilak 27, gurean daukagun gobernantza ereduan zentratutako jardunaldia izango da; udal ordezkariekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariak egongo dira, eta helburua izango da azaltzea bakoitzak bere eskumenen baitan energiaren lanketa nola bideratzen duten.

Bigarren egunean, hilak 28, birgaitze, energia jasangarri eta bogan dagoen “Energia komunitateen” gaia jorratuko da, eta horietara gonbidatu dira: LKS Krean, Goiener eta Eako Udala.

Hirugarren egunean, apirilak 29, Partner-ek inguruko energia azpiegiturak ezagutuko dituzte.

Edukiz betetako egun horien helburua da, beraz, Arrasatetik lantzen ari diren proiektuen berri ematea eta bertako adibideak erakustea, kide bakoitzak aukera izan dezan bere ekintza planean txertatzeko.

Herritarrentzako saio bi

Herritarrei zabaldutako saioak bi izango dira:

  • Gobernantza ereduak:

taula1

  • Energia Komunitateak:

taula2

Aukera egongo da Garaia PTra bertaratzeko zein Streaming bidez parte hartzeko. Kasu bietan ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Izena eman behar da web orri honen bitartez apirilaren 22a baino lehen.