Aro berria iragarri dute Iturripen: kiroldegi berri bat ez ezik, hiri parke berri bat ere izango du

2025/09/16
Card image cap
Kiroldegiak 650 m²-ko gimnasio modernoa, 2 frontoi eta 1700 m²-ko 2 kantxa izango ditu. Hiri parkea sortuko da espazio honetan, ibaia berreskuratuz, eta aisialdi gune berri bat sortuz ibai ertzean. Hirigintza ereduan “jauzi kualitatiboa” ematen duen proiektua dela defendatu du Udalak.

Webgunea informazioarekin: arrasate.eus/iturripeberria

Arrasateko Udalak gaur arratsaldean aurkeztu du Iturripe Berria proiektua, herriko kirol eta gizarte eskaintza errotik eraldatuko duen proiektu handia. Maider Morrase alkateak azpimarratu duenez, “aurkezten duguna kiroldegi bat baino askoz gehiago da: elkargune berde eta jasangarria da, etorkizuneko Arrasateren hirigintza eredurako jauzi kualitatiboa”.

Morrasek nabarmendu duenez, Iturripeko espazio berriak aro berri bat zabaltzen du: “Etorkizunari begira, Iturripek berdegune eta elkarbizitzarako espazio jasangarri gisa egingo du ekarpena. Gainera, kiroldegiak ez du soilik kirol funtzioa izango; ekimen kultural, sozialak eta herri bazkariak egiteko gunea ere izango da”.

Iturripeko kiroldegiak “ez du Musakolakoa ordezkatuko, baina Musakolako kirol eskaintza deszentralizatuko du hein handi batean” azaldu du Morrasek. 

Kirol instalazio modernoa

Kiroletako zinegotziak, Mikel San Miguelek, azaldu du eraikin berria lau solairutan egituratuko dela eta, guztira, 12.000  m²-ko eraikitako azalera izango duela. Bertan, kirol klub askok izango dutela egoitza berria. Dena den, kiroldegiko bazkideentzat ere espazio ugari aurkeztu ditu:

  • -1 solairua (klubentzako gunea bere osotasunean):
    1700 m²-ko kantxa nagusia, 400 ikusletik gorako edukierarekin, 16 aldagela, klubentzako biltegiak, tatamia eta klubentzako gimnasioa.
  • Behe solairua (0):
    Bi frontoi, bata irekia eta bestea itxia, kirol bazkideentzako sarrera nagusia eta herritar guztiei zabalik egongo den taberna.
  • 1. solairua:
    Bigarren kantxa nagusia (1700 m², 400 ikusletik gora hau ere), kirol biltegiak, aldagelak eta teknikarientzako bulegoak.
  • 2. solairua:
    650 m²-ko gimnasio moderno nagusia, muskulazio eta kardiorako ekipamendu berrienarekin, Musakolako gimnasioaren lekukoa hartuz.
  • 3. solairua:
    Kirol anitzetarako gelak, ikastaroetarako edota talde ezberdinek erabiltzeko, eta frontoiaren gaineko terrazarako sarbidea.

Eraikin berrian egoitza izango dute Ointxe, Mondrate, Eskubaloia, Ixotu (hockey), Pilota taldeak, Gimnasia erritmikoa eta kontaktuzko kirol taldeak, LEK eta ikastetxeak, besteak beste. San Miguelek gaineratu duenez, kirol mapa berria ere egingo da ikasturtean zehar.

1_1 Irudia.jpg

Hiri-parke berdea eta ibaiaren berreskuratzea

Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak, azaldu du Iturripe Berria ez dela soilik kiroldegi berri bat izango, “hiri-parke baten kokatuta dagoen kiroldegia izango da, herritar orok erabili eta gozatzeko aukera izango duen espazio multidisziplinarra”. Proiektuak honako elementu nagusiak jasoko ditu:

  • Berdegune zabalak eta zuhaitz ugari, itzal naturala eta babes klimatikoa bermatzeko.
  • Ibaiaren ertzean berrantolaketa: egungo frontoia lekuz aldatuko da, ibilgua zatika ubidetik atera eta erreka baretu egingo da, herritarrengana hurbilduz eta ibaiarekiko bizikidetza berria sortuz.
  • Anfiteatro formako gunea sortuko da ibai ertzean deskantsurako edota aisialdirako.
  • Haur-parkea txikientzat, frontoi irekiaren ondoan, euriarekin babestu ahal izateko.
  • Berdegune eta elkargune berriak unibertsitatearen eta kiroldegiaren artean, harnasgune berriak sortuz.
  • Bizikletentzako aparkaleku estaliak 
  • Taberna irekia, kiroldegiaren ordutegitik independentea.

Eraikina energetikoki ia nulua izango da, eta Arrasateko babesleku klimatikoen sarean pieza garrantzitsu bilakatuko da.

3 Irudia.jpg

Egutegia eta inbertsioa

Proiektua oraindik amaitze-fasean egon arren, Udalak hainbat aurreikuspen egin ditu:

  • 2026ko urtarrila–otsaila: obren exekuzioa lehiaketara ateratzea.
  • 2026ko maiatza–ekaina: obrak esleitzea.
  • 2026ko uda: lanak hastea, gutxi gorabehera bi urte eta erdiko iraupenarekin (zehazteke).

Hasierako aurrekontua 24 milioi eurokoa da (BEZ gabe), baina behin betiko prezioa abenduan ezagutuko da, proiektuaren azken bertsioa ixtean. Etxeberriak azaldu duenez, “litekeena da aurrekontu hau txikiagoa izatea, baina gaur gaurkoz dugun datua, honako hau da”. 

Etxeberriak azpimarratu duenez, “lanak konplexuak izango dira: gaur egungo eraikinak eraistea, erreka ubidetik ateratzea eta asfaltozko azalera handiak berdegune bihurtzea eskatzen baitu. Baina emaitzak, zalantzarik gabe, merezi izango du”.

Herritarren parte-hartzea eta eskerrak

Morras alkateak eskerrak eman dizkie diseinuan parte hartu duten kirol klubei: “Proiektuaren oinarriak eta behar nagusiak elkarrekin identifikatu ditugu, eta etengabeko hobekuntza proposamenak jaso ditugu. Proposamen asko gauzatu ahal izango dira, baina beste batzuk ezin izan dira sartu, gainkostu arazoengatik. Dena den, elkarlan hori oso aberatsa izan da”.