Arrasate Blues eta MondranRoll jaialdien azken edizioak "oso arrakastatsutzat" jo ditu udalak, eta adierazi du konpromisoa hartzen duela hurrengo urteetan horrelako ekimenak babesteko eta “herri bizia” sustatzeko.

2023/07/20
Card image cap
Arrasateko Udalak konpromisoa hartzen du datozen urteetan ekimen horiek eta berriak sustatzeko eta babesteko, herriko musika tradizioa bizirik mantendu, eta arrasatearrei eta bisitariei kalitatezko kultura esperientziak eskaintzeko.

Arrasateko Udalak oso positibotzat jo ditu Arrasate Blues eta MondranRoll musika ekimenak, uztailean udalerrian eginak. Ekitaldi horiek arrakasta handia izan dute eta gure herriaren potentzial kultural handia erakutsi dute.

"Lehenik eta behin, nabarmendu gura dugu bi jaialdietan herriko taldeek eta musikariek parte hartu izana. Nazioarteko talde ospetsuen parte hartzeaz gain, aukera eman zaie gure inguruetako artistei, tokiko musika eszena indartuz eta sortzen ari den talentua sustatuz" nabarmentzen dute udaletik.

"Bi ekimenetan jende askok hartu du parte eta aipatzekoa da ez dela gorabeherarik egon, ezta ezbeharrik ere. Antolatzaileek egindako lan bikainaren emaitza da, baita herritarren eta parte hartzaileen jarrera arduratsuaren eta errespetuzkoaren emaitza ere. Zorionak eman gura dizkiegu parte hartu duten guztiei, ereduzko jarrera izateagatik eta bi ekitaldietan giro jatorra eta jai giroa sortzen laguntzeagatik" gaineratu dute udal ordezkariek.

Arrasate Blues eta MondranRoll jaialdien arrakastak erakutsi du musikak gure herrian eta komunitatean izan dezakeen eragin positiboa. Ildo horretan, Arrasateko Udalak konpromisoa hartzen du datozen urteetan ekimen horiek eta antzekoak sustatu eta babesteko, gure herriko musika tradizioa eta Arrasate bera bizirik mantentzeko.

Udalak eskerrak eman gura dizkie antolatzaileei, laguntzaileei eta boluntarioei, ekitaldi horiek errealitate bihurtzeagatik. "Haien konpromisoa eta babesa funtsezkoak izan dira Arrasate Blues eta MondranRoll jaialdiek arrakastatsuak izateko".