Arrasate Bluesek bluesaren aitzindariak hartuko ditu gogoan

2021/06/10
Card image cap
Hirugarren Arrasate Blues jaialdiak 7 agertoki izango ditu, eta 10 taldek alaituko dituzte Arrasateko kaleak uztailaren 15etik 18ra

Arrasate Blues jaialdia bat dator  ‘KM 0’ filosofiarekin. Musikazaleen elkargune izateaz gain, kultura eta gastronomia nagusi izango diren asteburu batez gozatzeko prest dauden guztien topagune izan gura du.

Uztailaren 15etik 18ra egingo den hirugarren jaialdi honetan, bluesaren jatorrira itzuliko da eta emakumeak izango dira protagonista. Izan ere, hastapenetan, XVIII. mende inguruan, emakumeek bihurtu zuten soinu hau musika eta emakumeek eroan zuten bluesa taberna txikietatik agertoki handietara. Lehen blues grabazioa, esate baterako, emakume batek egin zuen, Mamie Smithek.

Hiru mende geroago, aitzindari haiek hasitako bidea ez da alferrik galdu eta emakume askok eta askok hartu dute bide hori. 2021eko Arrasate Blues jaialdian 10 talde egongo dira, eta denek ala denek emakume bat dute buru.

Antolakuntzaren helburu nagusiak izango dira herrian “giroa sortzea” eta “kultura eta aisialdia modu seguruan bizitzea”.

Gainera, lehenengo aldiz, jaialdiak pertsona bat omenduko du, eta, oraingo honetan, Jesusi Etxebarria herriko musika irakasleak jasoko du omenaldi hori.

Jesusi Etxebarria: musikaren aitzindaria

Jesusi Etxebarriaren aitak, Arrasateko bandako musikaria bera, musikarekiko zaletasuna piztu zion. Lau urte zuenean, solfeoa ikasten hasi zen, eta haren lehenengo irakaslea izan zen Justo Munarriz herriko bandako zuzendaria. Musikazale nekaezin hau Juanito Arzamendi, Jose Maria Gonzalez Bastida, Francisco Escudero eta beste hainbat pertsonaia ezagunen ikasle ere izan zen. 1962an, 21 urte zituela, Arrasateko lehenengo musika akademiaren ateak ireki zituen. Jesusik 50 urte eman ditu musikaren ezagutza lau haizetara zabaltzen, 2012an erretiroa hartu zuen arte. Arrasate, Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatzako ikasleka izan ditu, baita Gasteizkoak ere. Horrez gain, Arrasate Musikalen ere irakasle izan zen urtebetez.

Pianoa ikasten hasi bazen ere, haren prestakuntza zabalari esker, gitarra, txistua eta kantu korala ere irakatsi zituen. Anekdoten artean, bada bat benetan esanguratsua: 50 urte zuela, ikasleek egiten zioten eskariari erantzuteko, gitarra elektrikoa eta baxua jotzen ikasi zuen. Ikasleekin eta, oro har, musikarekin zeukan konpromisoaren erakusgarri argia.

Uztailaren 15ean egingo zaio omenaldia. Arrasate Musikaleko hainbat ikasleren eta haren ikasle ohi Itziar Yagüeren laguntzarekin, oroigarria jasoko du, milaka ikasleri musikarekiko zaletasuna pizten Jesusi Etxebarriak egin duen lan ikaragarria goratzeko.

Arrasateko kaleak agertoki bihurtuko dira

Arrasate Blues hazi egin da. Aurten, lau eguneko iraupena izango du eta hamar taldek parte hartuko dute. Musika Arrasateko txoko guztietara heldu dadin, jaialdiak zazpi agertoki izango ditu, den-denak kalean. Irekieraren egunean, uztailaren 15ean, Itziar Yagüe Quinteto arduratuko da jaialdiko lehenengo akordeak jotzeaz. Yagüek Delicious izeneko bere azken lana aurkeztuko du Herriko Plazako agertokian (19:00). Kontzertu hori berezia izango da Itziarrentzat, Jesusi Etxebarriarekin ikasi bazuen ere, lehenengoz joko du-eta Arrasaten.

Uztailaren 16an, talde bik parte hartuko dute jaialdian: Erromintxelak eta Voodoo Charms. Talde interesgarri bi horiek eguakotx arratsaldea girotuko dute.

Zalantza barik, egunik handiena izango da uztailaren 17koa, zapatua. Egun horretan, lau taldek igoko dute herriko agertokietara. Animal Janek joko du lehenbizi zapatuan, Portaloiko agertokian, eta Iker Piris & Sheilah Cuffyk amaiera emango dio goizeko txandari Jokin Zaitegin. Arratsaldean, Noa &Thehelldrinkers eta Mississipi queen & the wet dogs taldeen txanda izango da, Ferreriasen eta Herriko plazan.

Agurra ere borobil-borobila izango da, bigarren egunez jarraian, lau talderen musikaz gozatu ahal izango delako. Estitxuk, Arrasaten bost urtez bizi izan dena, hasiera emango dio igandeari Portaloiko agertokian. Berako artistaren kontzertua euskaraz izango da; jaialdiak euskarari urtero egiten dion keinua da hau. Estitxuren ostean, herriko Mario Fernandino eta 8,46 Dixie Band taldeen txanda izango da. Arratsaldean, berriz, Willyk (Los brazos) emango dio urrezko amaiera jaialdiari.

Antolakuntzak lortu du aniztasuna eta kalitatea nagusi diren kartela osatzea. Aurten Arrasate Bluesek argi utziko du geratzeko etorri dela, ahalegina egin baitu jaialdi bizi eta alai bat osatzeko. Horri esker, inork ez du arazorik izango bere gustuko erritmoa aurkitzeko.

Nabarmendu behar da Erremintxelak, Mario Fernandino quinteto eta 8,46 Dixie band herriko taldeak direla, eta joko dutela, hurrenez hurren, egubakoitzean Herriko plazan eta domekan Arbolapetan. 8,46 Dixie band taldea jaialdiko azken egunean ere arituko da, eta talde hori izango da Arrasateko kaleetan gora eta behera ibiliko den bakarra.

Jaialdiak prest du Arrasate Blues etiketadun garagardoa, eta dagoeneko herriko tabernetan eskuratu daiteke. Horrez gain, Ternuaren laguntzari esker, jaialdiko kamisetak salgai jarriko dira.

Elkarteak eskerrak eman gura dizkie parte hartzen duten taberna guztiei: 1990 Gastroteka, Buenuena, Doke, Ezkiña, Irati, Itzala, Kajoi Taberna, Monte, Nahi eta Taupa; Kobateri, Ozenki Elkarteari, Arregui Hortz Klinikari eta baita Arrasateko Udalari, ekimen hau Ibai-Artek antolatu baitu Arrasateko Udalaren laguntzarekin.