Arrasate etxebizitza merkatu tentsionatu izendatzeko oniritzia argitaratu du Eusko Jaurlaritzak

2025/12/17
Card image cap
Eusko Jaurlaritzak ontzat eman ditu Arrasateko Udalak aurkeztutako dokumentu eta azterketak, eta izendapenaren aldeko balorazioa argitaratu du. Behin betiko izendapena BOEn argitaratuko da 2026an zehar.

Arrasate etxebizitza merkatu tentsionatu izendatzetik gertuago dago. Atzo, abenduak 16, argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Arrasate izendapenaren aldeko ebazpena, eta, ondorioz, azken urratsa izango den prozedura abiaraztea.

Ebazpen hau Arrasateko Udalak egindako eskaerari erantzunez dator. Udalak, 2025eko maiatzaren 30ean aurkeztu zituen Arrasate etxebizitza merkatu tentsionatua izendatzeko beharrezkoak diren azterketa eta analisiak. “Arrasaten etxebizitza eskubidea defendatzea eta bermatzea da gure lehentasuna. Horregatik, diagnostiko sakona egin genuen pasa den ikasturtean eta plan sendo bat prestatu, gure udalerriko etxebizitza politiketan bide argi bat jarriz”, adierazi du Garazi Etxeberriak, etxebizitza arloa barnebiltzen duen Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Izendapena, tresna berriak aktibatzeko atea

Ofizialki 2026an helduko den izendapenak ate berriak zabalduko dizkio Udalari etxebizitzaren alorrean. Izan ere, Arrasateko Udalak diseinatutako ekintza plana gauzatzeko ezinbesteko tresna izango da izendapena. Hiru urtetako planak lau ardatz ditu etxebizitza alorrean:

1. ardatza – Alokairu eskuragarria sustatzea

Eremu tentsionatu izendapenaren helburu nagusietako bat alokairuaren prezioaren muga jartzea da, eta honekin batera datozen bestelako neurri batzuk abian jartzea.

  • Hiri-garapen berriak: gaur egun HAPOn jasotakoak berraztertu eta dokumentu berrirako bizitegi parke dibertsifikatu bat garatzea proposatzen da, nahasketa orekatu bat bilatu nahian. Honekin batera, jabetza publikoko orubeak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskainiko zaizkio, eraikuntzaz arduratu dadin. Honen eredu da San Andres berriko lur saila, dagoeneko Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari direla adieraziz.
  • Zuzkidurazko bizitoki eskaintza handitu nahian, baliabide publikoak erabiliz, bizitza fase ezberdinetarako aukera anitzak bilatzea du helburu. Ekipamendu ezberdinak aztertuko dira lan lerro honetan. Honen eredu La Merced eraikina, “erakunde ezberdinen inplikazioa ezinbestekoa da proiektu hau aurrera eramateko, Udalaren ahalmen ekonomikoa mugatua da proiektu honek eskatzen duen inbertsio handia egiteko. Horregatik, Arrasateko Udalak eraikina erosiko du, eta lanean ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin proiektua garatzeko” azaldu du.
  • Landa eremuen biziberritzeko estrategiak ere sustatuko dira, HAPOaren berrikusketaran baitan, erabilera ezberdinak aztertuz, edo landa eremuko nukleoetan bizitegi babestuak sustatuz.
  • Diseinuaren bidez sustapenari dagokionez, urbanizazioa garatzeko beste modu batzuk aztertu, etxebizitza-eraikinei lotutako aparkalekuen diseinu eta kokapena berrikusi, edota etxebizitza modular eta malguen garapenerako ideia berritzaileak erakartzeko lehiaketak sustatzea aurreikusten da.

2. ardatza – Bizitegi-parkearen berroneratzea eta berrikuntza

Etxebizitza zaharren egokitzapena eta hiri-ehunaren birgaitzea da ardatz nagusia.

  • Babestutako etxebizitzaren kalifikazioaren estrategiari lotuta, hiri kontsolidatuan bizitegi babestuak lortzen joateko aukeran bidea egitea da helburua, birgaitze handiko jarduketetan gutxieneko babestutako kopuru bat arautuz, lokalak bizitegi bihurtzeko udal ordenantza berraztertu eta egokituz, edota etxebizitza banaketan etxe berrien izaera aukerak aztertuz.
  • Dentsifikazio bidezko berroneratzeari dagokionez, HAPO berriari begira, eta epe luzeko plangintzarako eztabaidarako, auzoen dentsifikazio estrategiak aztertzea jartzen da mahai gainean batetik, eta industriguneen mixifikazioari (erabileren nahasketa) buruzko gogoeta bestetik.
  • Bizitegi parkearen berrikuntza bultzatzeko bidean, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa bermatzeko nahia gogoan, dirulaguntza lerroen azterketa edo EIOZn hobari sistemaren azterketa proposatzen dira ekintza gisa.

3. ardatza – Alokairurako laguntza-sistemak

Prestazio eta pizgarri ekonomikoen bidez, alokairurako sarbidea erraztu nahi da.

  • Gazteen emantzipazio prozesuak laguntzeko, gaur egun indarrean dauden laguntza lerroei buruzko informazio eta jarraipen lanak aurreikusten dira, eta baita udalak propio dituen lerroak optimizatzea ere.
  • Kolektibo zaurgarrientzako babesa indartzeko, etxebizitza eskubide subjetiboaren eskariaren, eta DSBE (Diru sarrerak bermatzeko errenta) eta EPE (etxebizitzarako prestazio osagarria) laguntzen jarraipena eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinazio lanak bideratzea proposatzen da.
  • Neurri fiskalak aplikatuko dira, alokairua sustatzen duten jabe eta sustatzaileentzako pizgarri gisa.

4. ardatza – Gobernantza berria eta erakundeen arteko koordinazioa

Etxebizitza politikak koherentziaz eta modu integratuan garatzeko marko berria proposatzen da.

  • Estrategia zigortzailea: bere helburua betetzen ari ez diren etxebizitzak martxan jartzea du helburu, hau da, etxebizitza hutsen erabilera bultzatzea. OHZren gainkarga eta etxebizitza hutsen gaineko kanona aztertu eta ezartzea dira ekintza planean jasotakoak, eta baita alokairu iruzurtien egoeraren ikuskaritzan udalak gainontzeko administrazioekiko informazio trukaketan parte hartzea.
  • Estrategia interbentzionista eta erregulatzailea: honi lotuta, bizitegi garapen eremuetan kooperazio sistemak ezarriz udalak parte aktibo gisa jardutea proposatzen da, etorkizuneko garapenei lotuta. Erregulazioari lotuta aldiz, Etxebizitza legeak jasotzen dituen etxejabe handiaren definizioa, eta alokairuaren igoerari mugak ezartzea dator, prezioen kontrolari eta espekulazioaren aurkako politika gisa; alokairu turistikoaren erregulazioa HAPOan jasotzea ere aurreikusten da.
  • Estrategia optimizatzailea: honen helburua jada eraikita dagoen espazio eta eraikinen erabilera intentsoago bat egitea da. Beraien beharretara hobeto egokitzen den etxebizitza bilatze aldera, trukatze aukera proposatzen da; adineko pertsonentzako bizitoki alternatibak aztertzea (zuzkidura bizitoki izan, ala egoitza alternatibarako akordioak bilatze aldera izan), edo negozioak kale mailara jaisteko proposamena, goi solairuetako etxebizitzak bizitoki bilakatuz.

La Merced, etxebizitza eta zaintza beharrei erantzuteko kolaborazio eredua

Azaroan iragarri zuen Arrasateko Udalak La Merced eraikina erosteko asmoa zuela 2026 urtean. Hala jasotzen dute onartu berri diren aurrekontek. Urrats hau ezinbestekotzat jo dute eraikinaren erabilera berria zuzkidura bizitokiak izan daitezen.

“Garatu nahi den proiektuak bi helburu garrantzitsu ditu: gazteei alokairuzko bizitokiak eskaini ahal izatea, alde batetik, eta, bestetik, pertsona nagusientzako zaintzadun etxebizitza eredua ezartzea. Bi proiektu hauek garatzeko ezinbesteko elkarlana abiatu genuen agintaldi hasieran Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta lan horretan ari gara” azaldu du Garazi Etxeberria zinegotaziak.

Zentzu horretan, Udalak eraikina erostea ezinbesteko urratsa du proiektua garatu ahal izateko. Ondoren, Aldundia eta Jaurlaritzarekin hitzarmenak lotu nahi dira proiektuak garatu ahal izateko. “Hiru erakundeen arteko kolaborazioan sinisten dugu eta lan horretan jarraituko dugu”.