Arrasate ezagutzeko eta bertako turismoa sustatzeko, Arrasateko Udalak bisita gidatuak eskainiko ditu Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean

2020/06/17
Card image cap
Arrasateko ondarea balioan jartzeko bisita gidatuetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da arrasate.eus/ezagutu webgunean

Tokian tokiko ondarea balioan jartzea ezinbestekoa da bizi dugun egoeran, eta Arrasateko Udalak, Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean, bisita gidatuak antolatu ditu herriak eskaintzen dituen baliabide historiko eta naturalak ezagutzeko, eta turismoa sustatzeko. Ikusita jarduera turistikoek zer arrakasta izan duten aurreko urteetan, hirugarren urtez eskainiko dira.

Momentuz udako hilabeteetarako bisita gidatuak ezagutarazi dituzte udalak eta Debagoieneko Mankomunitateak, baina urte guztian mantenduko dira. Saio guztiak bi hizkuntzatan emango dira, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz, eta aurrez eman beharko da izena arrasate.eus/ezagutu webgunean.

Egoerak baimentzen duenez, lehen hitzorduak ekainaren 20an eta 27an izango dira: Arrasate historikoaren sekretuak ezagutu ahal izango dira lehen datan, eta, bigarrenean, aukera izango da Arrasateko seme kuttunenen bizipenetan murgiltzeko (Esteban de Garibay eta Pedro de Viteri). Uztailean eta abuztuan zapaturo ezagutu ahal izango dira Arrasateko historiaren pasarte garrantzitsuenak, historiaurretik aro berrira arte, eta domeketan bestelako bisita gidatuak eskainiko dira. Irailerako ere aurreikusten da turismo jarduerak egotea.

Turismo eskaintza zabala

Ekainean hasiko diren bisita gidatuek jarraipena izango dute udako hilabeteetan. Kalitateko turismo eskaintza prestatu du Arrasateko Udalak, Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean, herriko ondarea ezagutarazteko.

Uztailaren 5ean Bedoñako altxor ezkutuetara egingo da bisita Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik, eta gero aukera emango da auzoko txakolina dastatzeko. Hitzordua 11:00etan hasiko da, Bedoña auzoan. Uztailaren 12an, berriz, Murugain mendi inguruari bira antolatu dute goizeko 9:00etan, udalerriko ondare naturala balioan jartzeko eta, tontorrera igo barik, bide berriak ezagutzeko. Uztailaren 19an Gongetako meatzeak, zehazki Udalatx magaleko meatzea bisitatuko da, eta aukera egongo da gehiago ikasteko handik ateratzen zen mineral preziatuaren inguruan. Uztaileko azken domekan, 26an, Arrasateko industria ondarea izango da protagonista, eta bisita gidatuan industrializazioak eragindako iraultza urbanistikoaren berri emango da, goizeko 11:00etan.

Abuztuan ere domekero antolatuko dira jarduera turistikoak. Hilaren 2an, Udala Besaidera egingo da bisita goizeko 9:00etan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako muga ezagutzeko. Abuztuaren 9an, ibilaldia antolatu dute, Arrasateko erromesek amabirjinaren jaia ospatzeko, Arantzazura joateko erabili ohi zuten bidean, 8:00etan. Abuztuaren 16an ere beste ibilaldi bat egingo da Urkuluko urtegira: Arrasatetik Bedoñara, Larriño auzotik pasatu eta Urkuluko urtegira, handik Aretxabaletara joateko. Abuztuaren 23an aukera izango da Arrasateko altzairua ezagutzeko, Arrasaten altzairu preziatua ekoiztu da-eta mendeetan, oso ezaguna mundu guztian, gaur egungo industriaren aitzindaria izan zena.

Irailerako ere badaude ekimen turistiko bi: 19an, Arrasateko historia ezagutzeko, bisita gidatua egingo da 11:00etan, eta 27an aukera egongo da Murugain mendira joateko, Dragoiaren bidetik, kondaira eta historia batzen dituen ibilbidea eginez, goizeko 9:00etan.

Udalak adierazi duenez, “ekimen hauen helburua da Arrasatek eta inguruko txokoek duten balioa ezagutzera ematea, baita bertako turismoa indartzea ere”.