Arrasate parte hartzen ari da 'Gipuzkoako Azoken Sarea' egitasmoan, herriko azoka sustatzeko

2021/03/23
Herritarrek prozesuan parte hartzeko, aukera bi zabaldu dira: inkesta bat betetzea udalaren webgunean, edo inkestak betetzea, eskuragarri paperean azokako saltokietan. Herritarrek, interesik izanez gero talde dinamikan parte hartzeko, mezu bat bidali dezakete merkatuplaza@eurogap.es helbide elektronikora

Arrasateko Udala parte hartzen ari da ‘Gipuzkoako Azoken Sarea’ ekimenean, Landaola Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioarekin, Eusko Jaurlaritzaren Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako beste hainbat udalerrirekin elkarlanean. Helburu du Gipuzkoako azokak aztertzea, tartean Arrasatekoa, horiek indartzea eta haien etorkizuna bermatzea. Prozesu horren bitartez, adostuko dira azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana, eta guztien artean ikuspegi orokor bat landuko da Gipuzkoa osorako.

Arrasateko Udalak nabarmendu du azoka “gure udal ekonomiaren, kulturaren eta tradizioaren zati garrantzitsua dela, eta prozesuaren parte dela azoka dinamizatu eta bultzatzeko, eta gure baserritarrengandik hurbileko, sasoiko eta produktu osasungarriak lortzeko egitasmoa sustatzeko.

Proiektua udalerri bakoitzera egokituko da, eta herri bakoitzeko azokaren beharretara moldatu, parte hartuz azoka osatzen duten eragile guztiek. Ikerketa, aurretik egindako lanei jarraipena emanda, giltzarri izango da azokaren irudi erreala izateko eta etorkizuneko erronkak jakiteko. Dinamika horien bidez azoketako ekintza plana adostuko da Gipuzkoan, eta, guztien artean, ikuspegi orokor bat landuko da, Gipuzkoako azoken sarea lortzeko helburuarekin.

Arrasaten, EUROGAP aholkulari enpresa dagoeneko hasi da lanean DEBA GARAIA Landa Garapen Elkartearen eta Arrasateko Udalaren eskutik. Prozesua fase bitan egingo da: lehenengo fasea azokako kideekin eta, bigarrena, herritarrekin eta herriko eragileekin.

Ildo horretan, aukera bi zabaldu dira herritarrek prozesuan parte hartzeko; lehena, online inkesta bat, eta, bigarrena, dinamika taldeak.

  • Aukera bi daude inkesta betetzeko: udalaren webgunean, edo inkestak betetzea, eskuragarri paperrean azokako saltokietan. Herritarrek apirilaren 5a bitarte izango dute aukera inkesta betetzeko.
  • Bestalde, herritarrek, interesik izanez gero talde dinamikan parte hartzeko, mezu bat bidali dezakete merkatuplaza@eurogap.es helbide elektronikora eta, bertan, informazioa emango zaie dinamiketan zelan parte hartu.

Arrasateko Udalak herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera, “azterketa tresna garrantzitsua izango baita gure azokaren etorkizuna bermatzeko. Gure helburua da guztion artean gure azoka balioan jartzea eta modernizatzea, eta inkestaren ondorioak hurrengo saio batean lantzen jarraituko dugu”.

Gipuzkoa aitzindaria da egitasmo honetan. Arrasateko Udala, Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean, lanean ari da Arrasateko zein Gipuzkoako produktuei balio erantsi handiagoa emateko, horiek eraldatu eta berritzeko, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmentzeko. Udal ordezkariek nabarmendu dute: “Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoarekin, bultzada handia eman gura diegu azokei, eta hausnartu, eta partaidetza prozesuen bitartez lan ildo nagusi bat eta ekintza plan bat sortu elkarlanean”.

Argazkia: Mondraberri