Arrasate Gizarte Ekonomiako Mundu Foroaren sarearen kide bilakatu da

2018/10/05
Card image cap
Aipatu sarea Gizarte ekonomiaren garapena babesteko sortutako nazioarteko sarea da eta Arrasatek mundu mailako beste herri zein eragileekin harremanak areagotzeko helburuarekin onartu du kide izatea

Bilbon ospatu berri den Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroaren IV. Edizioan (GSEF 2018), Arrasatek, Bizkaiko hiriburuaren hautagaitza babestu ondoren, parte hartze garrantzitsu eta aktiboa izan du, herrian bertan ospatu baitira aipatu Foroko hainbat eta hainbat ekitaldi.

Horiek artean, Bilboko kongresuko kideei gizarte ekonomiak Arrasaten duen presentzia eta garrantzia islatzeko erakusketa eta 4 bisita edo ibilaldi tematiko eskaini dizkie Udalak, herriko gizarte ekonomiako eragileek elkarlanean antolatuta.

Izan ere, gaur egun, gizarte ekonomiaren alorrean, Arrasate erreferente da mundu mailan, bereziki kooperatibismo ereduari dagokionean eta horri lotuta eta herriak berak Gizarte Ekonomiaren alde betidanik adierazi duen konpromiso instituzional eta politikoa aintzat hartuta, Udalaren hitzetan “GSEF 2018 herriko eredu bereizgarria indartu, balioan jarri eta ezagutzera emateko baliagarria izan da”.

Arrasate, Gizarte Ekonomiako Mundu Foroko Sarearen kide

Eta hain zuzen Arrasatek kooperatibismo ereduan duen erreferentzialtasun horri helduta eta azken Mundu Mailako Foroan izandako parte hartze aktiboa aintzat hartuta, behin Foroa amaituta, Arrasate Gizarte Ekonomiako Mundu Foroko Sarearen kide izatera pasa da.

Aipatu Sarea, Gizarte Ekonomiaren garapena babesteko konpromisoa hartuta duten tokiko gobernuek eta gizarte zibileko eragileek osatutako nazioarteko sarea da eta helburua du, hain zuzen, gizarte ekonomiari garrantzia eman eta ekonomia horrek inguruan zein komunitatean eragiten eta sortzen dituen inpaktu positiboak areagotzea.

Arrasateri dagokionean, Udalak azaldu du jasangarriagoak izateko beharrezkoa dela berrikuntza, lehiakortasuna, auzolana eta pertsona erdigunean jartzen dituen politika eta ekonomia sustatzea. “Ildo horretan, Arrasatek kooperatibismo mailan duen erreferentzialtasun marka propio horri helduz, Sarearen kide izatearen helburua da herri mailan, hezkuntzan eta baita enpresa mailan ere munduko beste herrialdeekin, hala nola, hego Korea edota Japoniarekin, harremanak indartu eta areagotzea. Herri hauekin elkarlan bat izateko konfiantzazko harremanak jorratu behar dira, bestela oso zaila da proiektuak gauzatzea eta Mundu Foroko Sarearen kide izateak horretarako bideak zabaltzen dizkigu” adierazi dute Udaletik.

Udalaren esanetan, tokiko gobernuen eta gizarte ekonomiako eragileen arteko itun sendoak dira etorkizuneko gakoa. Bide horretan, saretutako kideek hirien garapen sozioekonomikoan gehiago laguntzeko konpromisoa hartzen dute eta aldo berean, laguntza truke gisa, hiriek gizarte ekonomia babestu eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute.

Momentu honetan sareak 47 kide ditu, mundu guztitik eratorriak: Hego Korea, Kanada, Japonia, Txina, Mexiko, Filipinak, Bangladesh, Taiwan, Uganda,  Ekuador, Peru, Pakistan, Cabo Verde, Indonesia, Mali, Nepal, edo Palestina, besteak beste.

GSEF 2020ko bidea prestatzen

Jakitera eman denez, 2020 urteko Foroa Mexico DFen ospatuko da, GSEF-ko kideek jada onartu baitute bertako alkatea den Claudia Sheinbaum-ek egindako eskaera.