Arrasate, Mugikortasun Iraunkorraren Asterako prest

2015/09/11
Card image cap
“AUKERATU, ALDATU ETA KONBINATU ZURE MUGIKORTASUNA” izango da aurtengo lema. Erguineko Herri Eskolak parte hartuko du “ESKOLARA OINEZ” esperientzian eta Ausolanen eskutik gosari osasuntsu bat banatuko zaie neska mutikoei

Urtero, Europa mailan Mugikortasun Iraunkorraren astea ospatzen da irailaren 16tik 22ra, eta irailaren 22a izaten da “kotxerik gabeko eguna”

Arrasaten, 2002an hasi ginen Aste hau ospatzen eta Europan antolatuta dagoen egitasmo honetan atxikimendua egiten. Beraz, aurtengoa izango da 14. Edizioa.

Urtero lema bat lantzen da, beti ere herritarren bizi kalitatearekin eta ingurumenarekin zerikusia duena: Aurtengoa lema da: “Aukeratu, aldatu eta konbinatu zure mugikortasuna”, hau da, era jasangarriago baten mugitzeko modu asko dago eta kotxea alde batera uzteko alternatibak aztertzea sustatu nahi da.

Mugikortasun Iraunkorraren Astearen helburua

Aste hau antolatzen da Arrasaten mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta sentsibilizatzeko  helburuarekin eta herritarren artean eztabaida eta hausnarketa sortzeko asmoarekin. Kotxearen gehiegizko erabilera murriztea eta oinez, bizikletaz edo garraio publikoa erabiltzeko aukera egokiak daudela azaldu nahi da. Mugikortasunak herriko bizi kalitatean eragin handia du eta horregatik herritarrei mezu hau helarazteak garrantzia handia dauka.

Antolatuta dauden ekintzen artean aipatu nahi da, alde batetik, BirZikleta merkaturako materiala bilketa hasiko dela irailak 12an, larunbat honetan.

Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez “Eskolara Oinez" esperientzia antolatu da irailaren 16tik 22ra, eta ikusita Arrasateko neska-mutiko asko motordun ibilgailuetan joaten direla eskolara, pentsatu da aste hau egokia izan daitekeela eskolara oinez joateko sustatzea. Esperientzia honetan parte hartzeko aukera eman zaie LHko Arrasteko ikastetxe guztiei. Azpimarratzekoa da Erguineko Herri Eskolakoek izango direla ekintza hau egingo dutenak eta azken egunean, Ausolanen eskutik gosari osasuntsu bat banatuko zaie”.

Ubarretxena alkateak berretsi nahi izan du “Arrasatear guztiak animatu nahi ditut era aktibo batetan parte har dezaten azken urteetako edizioetan bezala mugikortasun iraunkorraren astean”.

Gure web orriko agendan ekintzen berri izango duzue, baita hemen deskargatu daiteken triptikoan ere.