Arrasate tripakiaren hiriburu: izen-ematea zabalik harategi, taberna eta jatetxeentzat
2026/10/07
Arrasateko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendarteanek antolatuta, aurten ere tripaki festa ospatuko da Arrasaten. Jardunaldiak ostalaritzako lehiaketaren bigarren edizioa eta harategien lehiaketaren laugarrena bilduko ditu, eta herritarrek tripakiak dastatzeko aukera ere izango dute.
Bi lehiaketen helburua Gipuzkoako taberna eta zein harategien lana balioan jarri eta egiten dituzten tripakien kalitatea saritzea da.
Nork parte har dezake?
Alde batetik, Gipuzkoako taberna eta jatetxeak; bestetik, Gipuzkoako harategiak. Bi lehiaketetan parte-hartzea doakoa da.
Baldintzak
Taberna eta jatetxe bakoitzak lehiaketarako tripaki razio bat aurkeztu beharko du, ohiko kartakoa edo lehiaketarako prestatutako proposamen berezia. Aurkeztutako tripakiek establezimenduko kartan egon beharko dute gutxienez lau astez lehiaketaren ondoren. Harategi bakoitzak, berriz, 750 g tripaki aurkeztu beharko ditu.
Izen-ematea
Izena emateko ederto@ederto.com helbidera idatzi, 943 86 53 52 telefonora deituta edo WhatsApp bidez 671 64 34 88 zenbakira idatzi daiteke. Bi lehiaketetan izena emateko azken eguna urriaren 13a izango da, egun hori barne.
Epaimahaia
Bi lehiaketetan tripakiak modu anonimoan dastatu eta baloratuko ditu epaimahaiak. Taberna eta jatetxeen kasuan, antolakuntzak parte-hartzaileekin hitzordua adostuko du tripakiak establezimenduetan jasotzeko. Harategien kasuan, Edertoko taldeak urriaren 16an jasoko ditu tripakiak establezimendu bakoitzean.
Sariak
Bi lehiaketetan lehen hiru sailkatuak sarituko dira. Irabazleek txapela eta garaikurra jasoko dituzte, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek garaikurra. Sari banaketa urriaren 17an Arrasaten egingo da, tripaki festaren barruan.
Antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dituzte tripakiekin lan egiten duten profesionalak, errezetaren tradizioa sustatu eta tokiko ostalaritzak zein harategiek egiten duten lana eta eskaintzen duten kalitatea herritarren aurrean erakusteko.