Arrasate Udalatx Mendi Lasterketak bere X. edizioa ospatuko du zapatu honetan
2026/02/24
Arrasate Udalatx Mendi Lasterketak bere X. edizioa ospatuko du aurten, mugarri esanguratsua betez. Hamarkada batean zehar sendotu den kirol hitzordua da, mendia, kirola eta herrigintza uztartzen dituena. Aurtengoa ospakizun eguna izango da, urte hauetan guztietan proba hau posible egin duten korrikalari, bolondres eta laguntzaile guztien lana eta konpromisoa aitortzeko eguna. Lasterketa datorren otsailaren 28an ospatuko da, goizeko 9:30etan hasita, eta 400 korrikalari baino gehiago izango dira irteera puntuan.
Urtez urte sendotuz eta haziz joan den lasterketa honek bere nortasunari eusten dio: mendi proba teknikoa, baina aldi berean gertukoa, herritik sortua eta herriarentzat egina. X. edizio honek, ordea, urrats bat harago doa, indar berritua, irudi berria, berrikuntzak eta ospakizun giro berezia eskainiz.
Udalan kotxe pilaketak ekiditeko, errepidea itxi eta autobus zerbitzua martxan
Udalarako errepidea zapatuan moztuta egongo da 7:30 eta 13:30 bitartean, Mondraitzek antolatzen duen Arrasate-Udalatx mendi lasterketagatik. Soilik auzoko bizilagunak pasatu ahal izango dira kotxearekin. Segurtasuna bermatu eta azken urteetan sortu diren trafiko arazoak saihesteko, Arrasateko Udalak autobus zerbitzua jarriko du zapatuan, otsailaren 28an.
- Herri-busaren prezioa aplikatuko zaio bidaiari, eta Mugi txartelarekin edo eskudirutan ordaindu ahal izango da.
- Eskudirutan: 1,45€ bidaia bakoitzeko
- Mugi txartela arrunta: 0,44€ bidaia bakoitzeko
- Mugi txartela anonimoa: 0,58€ bidaia bakoitzeko
- Autobusak Arrasate pasealekuan izango du irteera eta helmuga, Arimazubiko geltokian, etengabe ibiliko dira gora eta behera. Lehena 7:30ean aterako da Arimazubitik (Ikastola aurreko geltokitik), eta azkena 13:30ean jaitsiko da Udalatik.
- Ondorioz, trafikora itxiko da Udalara igotzen den errepidea, hainbat salbuespenekin. Honako hauek pasa ahalko dira soilik:
- Auzoko bizilagunak: horretarako auzo alkatearen bitartez erregistratu beharko dute beraien kotxea.
- Behar bezala identifikatuta dauden antolakuntzako kideak
- Larrialdi-zerbitzuak
- Errepide mozketak 7:30etik 13:30era iraungo du.
- Errepidea itxiko da Maitena kalea hasieran eta Udala auzora arte.
Ibilbide berria
Lasterketak 22 kilometroko ibilbidea eta +1.400 metroko desnibel metatua izango ditu, Anporreta, Meatzerreka eta Udala auzoa zeharkatuz eta lehen aldiz Udalatx tontorreraino igota. Mendi proba teknikoa bihurtzen du ibilbide berriak eta segurtasun neurri bereziak hartu ditu antolakuntzak. Hala nola, eremu neutralizatua, derrigorrezko materialaren erabilera eta denbora muga berriak.
Zuzeneko emanaldia EITBn eta Goienan
X. edizio honetan, Arrasate Udalatx Mendi Lasterketak proiekzio berezia izango du. Urtero bezela, Goiena telebista eta Goiena.eus atarian zuzenean emango da, baina zuzeneko emanaldia indartuta dator. Aurten EITBren telebistan eta bere plataforma digitalean jarraitu ahal izango da, 9:30etik aurrera. Zehazki, goizez ETB4n eta KIROLAKEITB.EUS en lasterketa zuzenean emango da. Arratsaldeko 15:00etan, aldiz, ETB1en errepikapena eskainiko da. Honek gure lasterketari oihartzun handiagoa emango dio, lasterketako irudi ikusgarriak Euskal Herri osora zabalduta.
X. urteurreneko jaia
Bestalde, kirolaz harago, ospakizunerako tartea ere izango da. Egun osoan zehar Sebero Altube plazan karpa berezia egongo da egitarau bereziarekin. Goizean zuzeneko emanaldia emango da bertan, eta X. urteurreneko jaia 18:00etatik aurrera hasiko da. Arratsaldeko 20:00etan DJ Goikolearen emanaldiarekin, lasterketa eta festa uztartuko dituen giro berezia sortuko da gauerdira arte.
Otsailaren 28an 491 korrikalari daude deituak irteera puntura. Horietatik, 170 arrasatearrak dira, eta guztira 323 korrikalari Gipuzkoakoak, herriko eta lurraldeko sustrai sendoak erakutsiz. Bestalde, lasterketak Espainiar estatuko 17 probintziatako ordezkaritza izango du, eta horrek agerian uzten du Udalatxen proiekzioa Euskal Herritik harago ere zabaltzen ari dela.
Generoari dagokionez, 67 emakumezkok parte hartuko dute aurten, urtetik urtera gorantz doan parte-hartzea izanik.
X. edizio honetan maila handiko parte-hartzea izango da, eta lehia estua aurreikusten da bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan. Emakumezkoen artean, Naiara Irigoyen izango da faborito nagusietako bat. Harekin batera, aurreko postuetan ibiltzeko hautagai sendoak izango dira Carrodilla Cabestre, Oihana Zubillaga, Nerea Urteaga eta Leire Uribe, maila handiko korrikalariak guztiak.
Gizonezkoen kategorian, Ibai Larrea izango da erreferentzia nagusia. Azken edizioko garailea izanik, faborito gisa irtengo da. Hala ere, lehia estua aurreikusten da, besteak beste, Gontzal Murgioitio, Alain Santamaria, Lluís Puigvert, Oier Zubeldia eta Paul Ormaetxea bezalako korrikalariekin.
Irabazleek, emakumezko zein gizonezkoen kategorietan, txapela, garaikurra eta 600 euroko diru-saria jasoko dituzte. Horrez gain, urtero bezala, beteranoen kategoriako sariak ere banatuko dira, bai emakumezkoen zein gizonezkoen artean, eta lehen arrasatearrak ere aitortza eta saria izango du. Bestalde, antolakuntzarentzat berezia den Joseba Iglesias saria ere banatuko da, Udala eta Udalatx tontorrerako igoera azkarrenak egiten dituzten emakumezko eta gizonezkoentzat. Sari honek, gainera, 150 euroko diru-saria izango du.
Dortsalak Arrasateko Intersport Loramendin jaso ahal izango dira lasterketa atariko asteazken, ostegun eta ostiralean. Lasterketa egunean, goizeko 8:00etatik 9:00etara banatuko dira Sebero Altube plazako karpan.